
"Beti esan dut hemen geratu nahi nuela"
"Beti esan dut hemen geratu nahi nuela"
Berenguer pozarren agertu da Athletic Cluben gutxienez 2027ra arte jarraituko duela iragarri ostean, eta ziurtatu duenez, "ahalik eta lan gehien egin eta dudan guztia emango dut"
2024/25 denboraldiaurreko bigarren egunean eta 2027ra arte kontratua berritu ondoren, Alex Berenguer pozik agertu da komunikabideen aurrean Lezaman: "Klubak eta nik gauza bera nahi genuen, eta, oporrengatik berandu samar bada ere, iritsi da. Jakina, eragina du tituluak irabazteak eta protagonista izateak, baina beti esan dut beti hemen geratu nahi nuela. Ahalik eta lan gehien egingo dut eta dudan guztia emango dut minutu gehiago jokatzeko. Zenbat eta lehia handiagoa izan, orduan eta hobea da taldearentzat. Erantzutea egokitu zaidanean, espero zen maila eman dut. Oso pozik nago joan den denboraldiarekin eta orain ilusio handia dugu pizgarri berriekin beste bat hasteko. Egia da aurreko urteetan baino askoz partida gehiago jokatuko direla eta normala da fitxaketak egotea".
Jokalari nafarra Kopako tituluaren heroia izan zen, penalti erabakigarria sartu baitzuen finalean, eta honela bizi izan zuen: "Oso une polita izan zen. 40 urteren ondoren titulu bat irabazteko mundu guztia bizkar gainean duzula sentitzen duzu. Oso lasai egon nintzen, % 100ean argi nuen sartuko nuela, banekien nora botako nuen". Gainera, denboraldi honetan zuri-gorri gisa beste garaikur bat altxatzeko esperientzia errepikatu nahi duela aitortu du.