
Lezama, 2024ko Eurokopako finalean jokalari gehien dituen harrobia
Lezama, 2024ko Eurokopako finalean jokalari gehien dituen harrobia
Unai Simon, Dani Vivian, Nico Williams, Aymeric Laporte eta Alex Remiro, guztiak Athleticen haztegian heziak, Berlinen izango dira igandean
Unai Simon, Dani Vivian, Nico Williams, Aymeric Laporte eta Alex Remiro, guztiak Lezaman heziak, Espainiako selekzioak eta Ingalaterrako selekzioak igandean Berlingo Estadio Olinpikoan jokatuko duten futbol kontinentaleko hitzordu handiaren parte izango dira. Azken bosturtekoetan Lezaman egindako lanari bultzada nabarmena ematen dion ordezkaritza oparoa.
Aipatutako bost futbolariekin, talde zuri-gorria izango da Europako finalean ordezkaritza handiena izango duen harrobiko haztegia, FC Barcelonarekin batera, eta Chelsea FC, Manchester City, Real Madrid CF edota Reala taldeen gainetik, guztiek hiruna futbolari izango dituztelarik.
Unai Simon 2011n iritsi zen Lezamara, kadete mailan, eta etapak erretzen joan zen 2018ko abuztuan lehen taldearekin debuta egin zuen arte. Lehoi gisa 195 partida jokatu ditu. Nico Williams, berriz, 2013ko udan sartu zen Alevin B taldean, eta maila zuri-gorri guztietan gora egin zuen 2021ean elitera iritsi arte. Bertan 122 neurketa jokatu ditu.
Dani Vivian gasteiztarrak gazteen mailan aritzen zen Santutxu FCtik Athletic Clubera jauzia egin zuen 2016an eta 2021eko irailean estreinatu zen lehoiekin. Guztira 103 partida jokatu ditu. Hirurek kirol-ikasturte bikaina osatu dute, apirilean Athletic Clubekin Kopako txapeldun bilakatuz eta LaLigako txapelketan bosgarren postua erdietsiz.
Era berean, 2024ko Eurokopako finalean parte hartuko duten beste bi futbolarik kirol prestakuntza Lezaman jaso zuten. Alejandro Remiro atezain nafarra kasu, 2009 eta 2019 artean Athletic Clubeko diziplinan parte hartu zuena. Bestalde, Aymeric Laporte atzelaria 2010ean iritsi zen Lezamara Aviron Bayonnais taldetik eta 2018ko urtarrilera arte zuri-gorrien egituraren barne izan zen. 222 neurketa jokatu zituen lehen taldearen elastikoarekin eta 2015ean Superkopako titulua lortu zuen.
Datuek agerian uzten dute, berriz ere, azken urteetan Lezaman egin den lana azpimarragarria izan dela; izan ere, lehen mailako talentua sortzerako orduan Europako prestakuntza-zentro garrantzitsuenetako bat da eta, horri esker, Athletic Clubek bere kirol-anbizioaren kotak igo eta maila gorenean lehiatzeko gaitasuna mantentzen du.