"Oso partida zaila izango da"
Ernesto Valverdek talde zuri-gorriaren gaurkotasuna errepasatu du bihar Katedralean Atletico Madriden aurka neurtu aurretik
Athletic Clubek bigarren aldiz zapalduko du Katedraleko berdegunea aste honetan eta asteazkenean lortutako emaitza bera errepikatzen saiatuko da. Hala ere, aurrean talde koltxoneroa izango du, fitxaketen merkatuan asko eta ondo indartu den taldea. Hain zuzen ere, honako hau pentsatzen du entrenatzaile zuri-gorriak Diego Pablo Simeonek zuzentzen duen taldeari buruz: "Atletico Madrid fitxaketak gauzatzeko epean eta beste klubetatik jokalariak erakartzeko anbizio handia erakutsi duen taldea izan da. Jakina, inbertitu dutenagatik, LaLigarako hautagai izaten saiatuko dira, aurretik egin duten bezala. Baita Txapeldunen Ligan eta parte hartzen duten beste lehiaketetan ere. Goian egongo den taldea da, lehiakortasunaren arima barruan daramalako. Edonori irabaz diezaiokete, edonon. Goi-mailako aurkari bortitza da. Oso norgehiagoka zaila izango da".
Fitxaketen merkatuari dagokionez, Ernesto Valverdek begi onez ikusten du Unai Nuñez atzelaria RC Celtak utzita Athleticera itzultzea: "Positiboki baloratzen dut. Esperientzia duen jokalaria da, eta denboraldi honetan neurketa gehiago jokatuko ditugula kontuan hartuta, ondo etor dakiguke. Gainera, Egiluzek tarteko etapa batean utzita irten ahal izatea ahalbidetzen digu, eskarmentua hartzen jarraitu dezan. Bai jokalarientzat, bai guretzat eragiketa onak zirela uste dugu".
Europa Leagueko Liga Faserako aurkarien zozketari buruz ere hitz batzuk esan ditu: "Dena ezberdina da. Formatua badakigu, baina ez dugu esperientziarik bertan. Ikusiko dugu nola doan. 8 talderen aurka jokatzeko pizgarria du, 4 irteera gogorrekin. Dena dago erabakitzeko, baina lehiaketa erakargarria da. Ea ondo lehiatu eta aurrera egin dezakegun. Lehiaketa honetan ez dago aurkari errazik. Denak aurkari gogorrak dira. Partida guztietan gogotik izerditu beharko dugu hiru puntuak eskuratzeko".