“Gola kolpe latza izan da”

“Gola kolpe latza izan da”

Ernesto Valverdek azken minutuetan partida galdu izana deitoratu du

Entrenatzaile zuri-gorriak, Atletico Madrilen azken golak eraginda, honela laburbildu du gaur San Mamesen bizitako partida: "Gauza hauek gerta daitezke futbolean. Nahiko neurketa trabatua izan da. Lehen zatian, oso atzean sartu dira, kontraerasoan ustekabean harrapatu nahian, eta guk ez dugu jaurtiketa edo erdiraketa abaguneak aurkitu. Bigarren zatian, norgehiagoka hautsi egin da, gola baliogabetuta izan dugu, baina egia da, beraiek ere jakin dutela gure presiotik ateratzen eta lehen zatian baino argiago iristen. Partida berdinketarekin bukatuko zela zirudien, baina, edozein jokalditan, partida alde batera edo bestera eror zitekeen. Gure aukerak ez ditugu behar bezala baliatu eta, azkenean, gola egin digute. Kolpe latza izan da guretzat. Neurketa hau ezin baduzu irabazi, gutxienez, berdindu egin behar genuen".

"Borrokatzen duen taldea gara, aurrera ateratzen saiatzen garena, baina, batzuetan, erratu egiten gara eta izan nahi ez ditugun akatsak ditugu. Futbola horrelakoxea da. Aurkariak ere galera hori eragin du eta guk gauza bera egiten saiatu behar dugu", jarraitu du.

Hala ere, Ernesto Valverde baikor agertu da talde zuri-gorriaren etorkizunarekin: "Partida bakoitza ezberdina da. Lehenengoa oso itxia izan zen. Bigarrena, FC Barcelonaren aurka, dagoen unean, gure aukeren barruan, ahal izan genuen onena egiten saiatu ginen. Eta azken bietan, aurrekoan oso ondo jokatu genuen, eta honetan, une onak izan ditugu. Momentu batzuetan kostatu egin zaigu neurketetan ohi dugun erritmoa ezartzea, baina ez dugu porrota merezi izan. Talde ona gara, badakigu aurrera egingo dugula. Pena izan da, baina jarraitu beharra dago".