
“Emaitzen arabera begiratzen da dena, eta puntuak pilatzen saiatu behar dugu”
“Emaitzen arabera begiratzen da dena, eta puntuak pilatzen saiatu behar dugu”
Valverdek “partida pilaketara ohitu eta lehiaketa guztietan maila altua mantendu” behar dutela ohartarazi du
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du lehoiek UD Las Palmasen aurka jokatuko duten neurketaren atarian. Bihar 18:30ean hasiko da neurketa Kanaria Handian, nazioarteko konpromisoengatik bi astez geldirik egon ondoren: “Horrelako geldialdi baten aurreko partidan beti nahi duzu irabaztea lasaiago egoteko, baina ez zen posible izan. Badakigu aste garrantzitsu bati ekingo diogula ligako hiru jardunaldirekin, eta lehengo egunean Atleticoren aurka galdu genuenez, ez genuen punturik batzea lortu. Dena emaitzen arabera begiratzen da, eta orain puntuak pilatzen saiatu behar dugu, gainerakoek ere pentsatuko duten bezala. Talde guztiak behartuta gaude”.
Hemendik aurrera partidak kateatu egingo dira, baina teknikari zuri-gorriak argi dauka egin beharrekoa: “Europan sartu gabe denbora daraman taldea gara. Erritmo horretara ohitu behar dugu eta lehiaketa guztietan maila altua mantendu. Norgehiagokak oso jarraian datoz, jokalari guztiak erabiliko ditugu, eta oso kontzentratuta egon behar dugu beti. Ez ditugu partida batzuk besteak baino gehiago baloratu behar. Momentuz pausoz pauso joango gara”.
Azkenik, Valverdek honela aztertu du talde kanariarra: “Las Palmas elkarrekin jokatzen duen taldea da, eta baloiaren jabetzan eta barruko jokoan nagusi da, aurreko denboraldian bezala. Orain arte, hobeto aritu da bere estadioan, han indartsua da. Sevilla FC-ren eta Real Madriden aurka berdindu zuen bi partida handia eginda, eta irabazi ere egin zezakeen. Iaz jokatu genuen bi aldietan behartu gintuen, bai etxean, bai kanpoan. Orain entrenatzaile berri bat dauka, denborarekin islatzen saiatuko den ideia desberdin batekin. Norgehiagoka zaila espero dugu eta garrantzitsua da bientzat. Astearen bilakaera markatuko du pixka bat”.
Erlazionatutako partidak
UD Las Palmas - Athletic Club

