Adama: “Athleticeko jokalaria izateaz oso harro nago”

Adama: “Athleticeko jokalaria izateaz oso harro nago”

Hegaleko atzelari zuri-gorriak aitortu du “amets bat bizitzen” ari dela eta taldekideei erreparatzen diela “ikasten eta hobetzen jarraitzeko”

Adama Boiro lehen aldiz agertu da hedabideen aurrean Athletic Clubeko jokalari gisa larunbat honetan, 14:00etan, lehoiek RCD Espanyolen aurka San Mamesen jokatuko duen partidaren atarian. Ezker hegaleko atzelari gaztea CA Osasunatik heldu zen joan den denboraldiko neguko merkatuan, bigarren taldea indartzeko. Ernesto Valverderen aginduetara denboraldiaurrea osatu ondoren, aurten hiru neurketa okatu ditu lehen taldearekin eta oso pozik dago Bilbon: “Momentu hartan harritu eta asko poztu ninduen ninduen zerbait izan zen. Ez nuen zalantzarik izan. Athleticeko jokalaria izateaz oso harro nago, amets bat bizitzen ari naiz. Jauzi handia da, futbolariak askoz kalitate handiagokoak dira eta pazientzia izatea garrantzitsua da. Taldekide bikainak eta kalitate handikoak ditut, eta haiei erreparatzen diet ikasten eta hobetzen jarraitzeko. Lezama LaLigako instalaziorik onenetakoa da hemen harrobiarekin nola lan egiten den eta nola zaintzen zaituzten ikusita”.

Dakarren jaio zen, Senegalgo hiriburuan, duela 22 urte, eta bere haurtzaroaren zatirik handiena Iruñean bizi izan du: “Hara lau urterekin iritsi nintzen, bostekin San Jorgen jokatzen hasi nintzen, eta urtebete egin nuen Nicorekin. Bera Pamplonara joan zen eta ni Ardoira”. Gainera, Williams anaietako nagusiena ere erreferente argia da 32. zenbakidun zuri-gorriarentzat: “Txikitatik erreparatu diot Iñakiri, eta, egia esan, egunero hemen entrenamenduetan ikusi ahal izateak ilusio handia ematen dit. Ni bera etorri zen leku beretik nator, eta bere urratsak jarraitu nahi ditut”.

Azkenik, Adamak zero tolerantzia mezua bidali nahi izan du arrazakeriaren aurrean, Elijah Giftek atzo jasotako irainen harira: “Nik pertsonalki bizi izan ez dudan zerbait da, baina gure gizartean lekurik ez duen egoera lotsagarria iruditzen zait. Nik ez dut sufritu, baina kasu asko daude, eta guztiok erreparatu beharko genioke horri”.