Giuseppe Bergomi, Milango FC Internazionalekoa, 2024ko One Club Man saria

Giuseppe Bergomi, Milango FC Internazionalekoa, 2024ko One Club Man saria

Italiako defentsa mitikoa 20 urtez aritu zen FC Internazionale taldean eta 1982an munduko txapelduna izan zen

Milango FC Internazionale taldeko Giuseppe Bergomi da One Club Man Award 2024 berria. Atzelari italiar mitikoak 756 partida ofizial jokatu zituen 1979 eta 1999 artean nerazzurri taldean, eta abenduaren 3an edo 4an San Mamesen jokatuko den Athletic Club-Real Madrid LaLigako partidan Interreko armarriari dion leialtasuna aitzatesten duen saria jasoko du.

Javier Zanetti argentinarrak bakarrik gaindituta (858), Bergomi bigarren postuan dago Inter Milanen partida gehien jokatu dituzten jokalarien sailkapenean, garrantzi handiko mitoen aurretik: Giacinto Facchetti, Sandro Mazzola, Giuseppe Baresi, Mario Corso, Walter Zenga, Tarsicio Burnich, Alessandro Altobelli edo Giuseppe Meazza. Bere palmaresean 1989an konkistatutako Serie A txapelketako titulua, UEFAko hiru Kopa (1991, 1994 eta 1998), 1982ko Coppa eta 1989ko Supercoppa daude.

Gainera, ibilbide luzea egin zuen Italiako selekzioarekin, nazioarteko 81 neurketa jokatu eta eta 1982ko Munduko Kopa irabazita.

 

Bizitza osoa Interren 

1963ko abenduaren 22an jaio zen Lonbardiako Settala herrian, 7.000 biztanle inguru dituena eta Milandik 20 kilometro pasatxora dagoena. 'Beppe' k bere jaioterrian eman zituen lehen urratsak futbolean, baina 14 urte besterik ez zituela sinatu zuen talde nerazzurriarekin. Ordutik, Bergomik Inter milurteko berri baterantz gidatu zuen.

Maila txikiagoetan selekzioarekin sarri deitua, talentu goiztiarra izan zen, eta 1980ko urtarrilaren 30ean debutatu zuen lehen taldearekin, Turingo Comunale futbol zelaian, Juventusen aurka, Coppako final-laurdenetako partida batean. Hala ere, nahiz eta noizbehinka deialdiren batzutan izan, 1981eko otsailera arte ez zen estreinatu Serie A-n lehen taldearekin Comoren aurka Milango Giuseppe Meazza zelaian.

Une horretatik aurrera, futbolerako zuen gaitasun handia eta bere heldutasunari esker, bai jokalekuan bai itxuraz garai hartan zeraman bibote bereizgarriagatik, zeinagatik «Lo Zio» (osaba) ezizena jarri zioten, hamaikako titularrean finkatu zen, bai ligan, bai Europako txapelketetan.

Talde interistan eman zituen bi hamarkadetan, Bergomik bere balio-aniztasuna agerian utzi zuen, defentsako posizio guztietan jokatuz, bai bi alboetan, bai atzealdearen ardatzean, eta batzuetan askatasuna zeukan nahi zuen guneetan mugitzeko. Bere indar fisikoak, aireko jokaldietan zeukan botereak eta areaz kanpotik egiten zituen jaurtiketa onak aurkariak mehatzatzen zituzten eta bere ibilbidean zehar 21 gol sartu zituen.

Maila handiko taldeekideekin jokatu zuen, besteak beste, Karl-Heinz Rummenigge, Liam Brady – Athletic Cluben Thinking Football jaialdian parte hartu zuen 2023ko edizioan-, Daniel Passarella, Lothar Matthaus, Andreas Brehme, Jurgen Klinsmann, Matthias Sammer, Dennis Bergkamp, Ruben Sosa, Roberto Carlos, Javier Zanetti, Paul Ince, Youri Djorkaeff, Ivan Zamorano, Ronaldo Nazario, Diego Pablo Simeone, Aron Winter edo Alvaro Recoba. Atzerriko futbolariak pasatzen ziren bitartean, Bergomi talde lonbardiarrari leiala izan zen zen beti.

18 urte besterik ez zituela, 1982ko apirilean, Italiako selekzio absolutuarekin debuta egin zuen Leipzigen Alemaniako Errepublika Demokratikoaren aurka jokatutako lagunarteko batean. Handik gutxira 1982ko Espainiako Munduko Txapelketa jokatzeko deitu zuten. Paradoxikoki, Bergomik azzurri taldearen elastikoarekin jokatu zuen lehen partida ofiziala munduko txapelketen historiako partidarik gogoratuenetako bat izan zen: Italiak 3-2 irabazi zion «Jogo Bonitoaren» Brasili Bartzelonako Sarriá errepideko estadio zaharrean.

Paolo Rossi izan zen arratsalde bero hartan Kataluniako hiriburuan talde kanarinha garaitzeko gehien nabarmendu zen jokalaria; Bergomi, berriz, Enzo Bearzot entrenatzaile friuliarrak bigarren zatian zelairatu zuen "banbinoa" izan zen, talde brasildarraren oldarraldiak baretzeko. Bere jardun on eta fidagarritasunari esker titular izan zen Poloniaren aurkako finalerdian eta Alemaniako Errepublika Federalaren aurkako finalean. 44 urte geroago, Italiak munduko txapeldun izendatu zuen bere burua, Sandro Pertini Italiako Errepublikako orduko presidente eta partisano ohiaren ospakizuna oroimenerako utzi zuen hitzordu batean, protokoloa hautsiz Santiago Bernabeu estadioko palkoan.

1982koaren ondoren, 1986, 1990 eta 1998ko mundialak ere jokatu zituen, 1988ko Eurokopaz gain. Nazioarteko 81 topaketetan zehar, Beppek talde transalpetarraren elastikoa hainbat belaunalditako mitoekin partekatu zuen: Dino Zoff, Franco Baresi, Antonio Cabrini, Claudio Gentile, Giancarlo Antognoni, Bruno Conti, Francesco Graziani, Fernando de Napoli, Carlo Ancelotti, Ciro Ferrara, Roberto Donadoni, Roberto Mancini, Pietro Vierchowood, Giuseppe Giannini, Paolo Maldini, Francesco Toldo, Fabio Cannavaro, Alessandro Costacurta, Dino Baggio, Alessandro Nesta, Demetrio Albertini, Alessandro Del Piero, Filippo Inzaghi, Christian Vieri edo Gianluigi Buffon, Interreko bere taldekideak ziren Gabriele Oriali, Giampiero Marini, Ivano Bordon, Alessandro Altobelli, Fulvio Collovatti, Giuseppe Baresi, Franco Causio, Marco Tardelli, Walter Zenga, Ricardo Ferri, Aldo Serena, Nicola Berti eta Roberto Baggio, baita zoritxarrez hildako beste hainbat jokalarirekin ere, hala nola Paolo Rossi, Gaetano Scirea, Gianluca Vialli eta Salvatore Schillaci.

Athletic Clubek Giuseppe Bergomi aukeratu du bere One Club Man 2024 gisa, 2004an FIFA-k "historiako 100 futbolaririk onenetako" bezala hautatua eta 1991n Italiako Errepublikako Merituaren Ordenarekin kondekoratua, herrialde hartan lor daitekeen bereizgarririk handiena. Gaur egun, Italiako futbol-esatari ezagunenetako bat da, eta mikrofonoen aurrean, zelaira ateratzen zen bakoitzean erakusten zuen gauza bera erakusten du: zehaztasuna, zorroztasun morala, trebetasun analitikoak eta, batez ere, jokorako grina.

Lonbardiako atzelariak, gizonezkoetan, Matthew LeTissier (Southampton FC, 2015), Paolo Maldini (AC Milan, 2016), Sepp Maier (Bayern München, 2017), Carles Puyol (FC Barcelona, 2018), Billy McNeill (Celtic FC, 2019), Ryan Giggs (Manchester United, 2020), Ricardo Bochini (Club Atlético Independiente, 2022) eta João Pinto (FC Porto, 2023) ordezkatuko ditu.