
Gontzal Suances eta Newcastle, oroitzapen iraunkorra
Gontzal Suances eta Newcastle, oroitzapen iraunkorra
30 urte bete dira familia zuri-gorrirentzat zinez berezia den kanporaketaz geroztik
Getxoztarrak gol bat sartu zuen St James Parken eta protagonista izan zen San Mamesen belaunaldi oso bat markatu zuen partida europar baten baitan. Hogeita hamargarren urteurrenean murgilduta, Athletic Clubek efemeridea gogoratu nahi izan du Gontzal Suancesekin batera. Bere izena Newcastle Uniteden aurkako partiduari lotuta geratu da betiko.
Zipreko Anorthosis taldea sufrituta kanporatu ondoren eta erizaindegia min hartutako jokalariekin gainezka zegoela, Athletic Clubek 1994-1995 denboraldiko UEFA Kopako final-hamaseirenetan Newcastle Uniteden aurka jokatu behar izan zuen. Kevin Keeganek zuzendutako “urrakak” garai hartan hasiberria zen Premier Leagueko lehen postuan zeuden, eta Ingalaterrako futbolaren balio berrietako batzuk zituzten, hala nola Andy Cole edo Robert Lee, baita Peter Beardsley bezalako beterano ospetsuak ere.
1994ko urriaren 18an joaneko partida jokatu zen, eta lehoientzat azkar jarri zen maldan gora, Ingalaterrako iparraldeko taldeak markagailuan hiru-zero aurreratzea lortu baitzuen. Emaitzak ez zien justizia egiten talde zuri-gorriaren merituei, baina Jabo Iruretak aldaketak egin behar izan zituen egoera iraultzeko. Hala, Gontzal Suances gazte bat zelairatu zuen, eta euskal koadroak behar zuen pizgarria aurkitu zuen. Zigandak baloia sare barrura bidali zuen aurrena eta, ondoren, getxoztarrak aldeak are gehiago murriztu zituenean. Azkenean, partida hiru eta biko emaitzarekin amaitu zen.
Itzulera azaroaren 1ean jokatu zen eta Bilboko kaleetan bizi izan zen giroa ahaztezina izan zen. Newcastle Unitedeko jarraitzaileekin senidetzea erabatekoa izan zen eta San Mames inguruan sortutakoa oso berezia izan zen. Belar gainean, lehoiek “urrakak” gainditzea lortu zuten, Kuko Zigandaren beste gol bati esker, oroimenerako norgehiagoka batean.
Gontzal Suancesen ibilbideak, 30 urte geroago, kanporaketa hari estuki lotuta jarraitzen du. Denboraldi bat baino ez zuen jokatu Athletic Clubeko lehen taldearekin, eta ondoren Real Racing Club de Santander, CD Toledo, Ourense CF, SD Eibar, CF Gandia eta Barakaldo CF taldeetan jokatu zuen. Erretiratu ondoren, Lezamako beheko mailetako hainbat talderen talde teknikoko kide izan zen, eta, gaur egun, Athletic Club Fundazioaren hainbat gizarte-proiektutan ari da lanean.