
"San Mamesen oso indartsuak izan behar gara"
"San Mamesen oso indartsuak izan behar gara"
Ruiz de Galarretak eta Valverdek azpimarratu dute garrantzitsua dela etxeko puntuak batzea, lehiaketa "oso laburra" eta "zorrotza" baita
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea eta Iñigo Ruiz de Galarreta erdilaria lehoiek, bihar 21:00etatik aurrera San Mamesen, Europa Ligako Faseko hirugarren jardunaldian, SK Slavia Praharen aurka jokatuko duten partidaren atarian komunikabideen aurrean agertu dira. Talde zuri-gorriak lau puntu pilatu ditu lehen bi neurketetan eta sailkapenaren goialdean finkatzea du helburu.
"Taldea ezagutzen dut. Txapeldunen Ligako multzoen fase batean jokatzea egokitu zitzaidan. Aurkari gogorra izan zen. Entrenatzaile bera eta joko estilo bera mantentzen ditu, erasoan zein defentsan erritmo oso altuarekin. Bere jokalariek korrika asko egiten dute eta solidarioak dira. Partida zaila eta bizia aurreikusten dut biharko. Slavia bere ligako liderra da eta urtero Europako txapelketak jokatzera ohituta dago, gu baino gehiago. Horrek esan nahi du norgehiagokarenm pisua eraman dezaketela. Egia da hiru erdiko atzelarirekin jokatzen dutela, baina oso sistema moldakorra da, gero jokalari askorekin erasotzen eta presionatzen dutelako eta zure bila doazelako. Argi izan behar dugu presentzia fisiko handia dutela. Haiek jokatzen duten bezala, trantsizio azkarrak egiteko aukerak izatea espero dut, haiek ere egiten dituztelako", adierazi du Valverdek.
Teknikari zuri-gorriaren iritziz, funtsezkoa da txapelketa honetan etxeko gisa puntuak batzea: "Kanporaketak dituzten lehiaketek beti ematen dizute aukera, baina partida oso txarrak osatzen badituzu, asmatzen ez baduzu edo arerioak asmatzen badu, kanpora zoaz. Egoera jakin batzuek lagundu egin behar dizute ahalik eta urrutien iristeko, eta horixe nahi dugu. Oso lehiaketa laburra da eta partida guztiek dute bere garrantzia. Batzen duzunagatik eta aurkariak batzen ez duenagatik. San Mamesen oso indartsuak izan behar gara eta hiru puntu garrantzitsu dira. Gure mailarik onena eman behar dugu beti".
"Irabaztera ateratzen gara beti, egin ditzakegun konturik onenak horiek dira"
Bestalde, Ruiz de Galarretak taldeak azken egunetan egindako lan ona azpimarratu du: "Une onean gaude. Hiru asteko blokeak ditugu eta oso garrantzitsua da geldialdietatik indartsu itzultzea. Uste dut taldeak eskertu zuela atseden hori energia kargatzeko. Gogotsu bueltatu ginen eta azken emaitza on honek konfiantza handia ematen digu. Biharko partida erabat desberdina izango da, baina gauza bera egitea bilatuko dugu. Guretzat oso berezia da San Mamesen Europako partida bat jokatzea. Badakigu etxeko puntuak oso garrantzitsuak direla eta bihar hiru puntuak lortzen saiatuko gara. Ideia bat dugu, eta etxean oso indartsu sentitzen gara horrela jokatuz. Beraz, beti bezala irtengo gara aurkariaren bila. Protagonista izaten eta abaguneak sortzen saiatuko gara. Txapelketa honetan egotea oso zirraragarria da guretzat eta zaleentzat. Urteak generamatzan haren zain. Momentuz, neurketa bakoitzean lehiatu nahi dugu. Biharkoa egun handia izan behar da aurkari garrantzitsu bati aurre egin behar diogulako. Jardunaldiek aurrera egin ahala, helburua finkatuko dugu. Europa oso zorrotza da, norgehiagoka bakoitza oso zaila baita. Zortzi partidako liga da eta badakigu etxean oso indartsuak izan behar dugula. Irabaztera ateratzen gara beti, egin ditzakegun konturik onenak horiek dira".
Gainera, erdilari eibartarrak talde txekiarra aztertu du: "Ikusi dugunaren arabera, talde bikaina dutela uste dut. Momentu bikaina bizi dute eta garaipen asko lortu dituzte bai ligan eta baita Europan ere. Azken urteotan esperientzia handia izan dute kontinenteko lehiaketetan. Badakigu neurketa oso gogorra izango dela eta oso ondo egin beharko dugu irabazteko. Fisikoki oso indartsua eta erritmo handiko taldea da. Jokalari garrantzitsuak ditu goian, gol asko sartzen ari direnak. Berdinketa bakarra daramate ligan eta hori bikain dauden taldeek bakarrik egin dezakete. Orain arte bezala, tinko eta gogor aritu behar garadefentsa-lanetan".
Egungo 16 zenbakidun zuri-gorriak txapelketa hau jokatu zuen bere lehen etapan eta orain ere gozatzen ari da: "Duela urte asko jokatu ahal izan nuen Europan, ia ez naiz gogoratzen ere. Nire esperientziarena erlatiboa da, oso gaztea bainintzen. Minutu batzuk jokatu ahal izan nituen, eta niretzat zorte handia izan zen hori, baina ez dut sentitzen esperientzia handirik dudanik. Futbolean, oro har, baietz esango nuke, eta uste dut hori oso garrantzitsua dela gazteenei laguntzeko. Haiek ere gauzak erakusten dizkigute, beraz elkarri laguntzen diogu eta elkar hazten dugu. Oso giro ona dugu aldagelan eta hori polita da. Beti gauza bera esaten dut, hainbeste urteren ondoren etxera itzuli eta Athleticen berriro egotea sekulakoa da, lortu ahal nuen gauza handiena. Kontinenteko lehiaketa batean berriro egoteko aukera izatea niretzat amets bat betetzea da. Gure helburua une hau aprobetxatzea da eta, esfortzu handiarekin, ahalik eta gehiena lortzea".