
Partida Aurrekoa: Athletic Club-SK Slavia Praha
Partida Aurrekoa: Athletic Club-SK Slavia Praha
Bigarren hitzordu kontinentala jarraian lehoientzat San Mamesen, oraindik galdu gabe bere ligako liderra den talde txekiarraren aurka
Europako gau berria San Mamesen. Erroman 1-1 berdindu eta AZ Alkmaarri 2-0 irabazita, LaLigan emaitza onak lortzeaz gain, lehoiek UEFA Europa Leagueko Liga faseko hirugarren jardunaldian puntuak batzen jarraitu nahi dute. Aurrean, SK Slavia Praha taldea izango dute, denboraldi honetan dinamika ikusgarri batean dagoena. Beraz, aurkari gogorra da, eta kontinenteko lehiaketa nagusira sartzeko kanporaketan baino ez du amore eman. Katedralak bere galarik onenak erakutsiko ditu beste partida zoragarri batean.
Partidaren atariko adierazpenak
Errepasatu hemen Ernesto Valverdek eta Iñigo Ruiz de Galarretak Athletic Club-Slavia Praha neurketaren aurretik eginiko agerraldia.
Aurkaria
1892an sortu zuten Vinohrady barrutian medikuntzako ikasleek, txirrindularitza klub gisa, nahiz eta futbol atala 1896an jaio zen. Bere jokalarietako hiruk Slavia Praha ordezkatu zuten 1920ko Olinpiar Jokoetan, bostek 1924koetan eta bik 1968koetan. Gainera, 11 futbolari eraman zituen 1934an munduko txapeldunorde izendatu zen Txekoslovakiako selekziora. Talde hartan Ferdinand Daučík eslovakiarra ere bazegoen, 50eko hamarkadan Athletic Clubeko entrenatzaile mitikoa.
Bere aro handia XX. mendeko 40ko hamarkadaren lehen erdian izan zen, Josef Bicam austriarra fitxatu ondoren, etxeko ligetako golegile historiko nagusia, IFFHSren arabera 643rekin. Slavia taldearekin sinatu ostean Txekoslovakiako nazionalitatea eskatu zuen eta 900 gol baino gehiago sartu zituen bere ibilbidean zehar.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Dynamo Praha deitu zioten, eta 1965ean berreskuratu zuen izena, Pragako Udaberriaren aurreko testuinguruan. 1961 eta 1963an bi aldiz jaitsi zen eta 49 urtez egon zen etxeko txapelketa irabazi gabe (1947tik 1996ra).
Slàvisté (Slavistak) eta Cervenobili (Zuri-gorriak) ezizenez ezagunak 21 Liga (1 Bohemiakoa, 13 Txekoslovakiakoak eta 7 Txekiar Errepublikakoak) eta 9 Kopa (2 Txekoslovakikoak eta 7 Txekiar Errepublikakoak) dauzkate. Era berean, 1950 baino lehenagoko 10 Liga eta 13 Kopa irabazi zituzten, Txekiar Federazioak ofizialtzat hartu ez dituenak. John Madden entrenatzaile irlandarra funtsezkoa izan da bere historian, 30 urtetan zehar bertako aulkian izan baita.
Ligako egungo txapeldunordea da eta aurten sailkapenaren buruan dago, 11 jardunalditan 31 puntu lortu eta gero berdinketa bakar batekin. Txapeldunen Ligako atariko azken kanporaketan galdu zuen Lilleren aurka eta Europa Leaguean 0-2 irabazi zuen Ludogoretsen aurka (Athleticen aurkaria) eta berdindu egin zuen Ajaxen kontra Fortuna Arena estadioan, 2008an inauguratua izan zena, 20.000 ikusle ingururentzat edukiera duena eta jarraitzaileek Eden Stadion bezala ezagutzen dutena.
Estatistikak
Athletic Clubek eta SK Slavia Prahak lagunarteko bi partida jokatu dituzte San Mamesen. 1923ko Gabonetan izan zen, abenduaren 23an eta 25ean. Lehenengoa kanpokoen aldeko 2-9ko emaitzarekin amaitu zen eta bigarrenean 4-4ko berdinketa izan zen. Gaurkoa izango da bien arteko lehen lehia ofiziala.
Kontsulta itzazu Athletic Cluben eta Slavia Praharen arteko partiden estatistikak.
Datu interesgarriak
- SK Slavia Praharen entrenatzailea: Jindřich Trpišovskýk (Praga, 1976) zazpi urte daramatza txekiar taldea zuzentzen. Denbora honetan hiru Liga, lau Kopa, Superkopa bat, Txapeldunen Ligako multzoen faserako sailkapena eta Europa Ligako final-laurdenetara iristea lortu du. Cechie Karlin taldean atezaina izan zen eta gaztetatik Bohemians eta Sparta Praga taldeen harrobietan aritu zen teknikari lanetan. Profesional moduan, Viktoria Zivkov (Txekiar Errepublikako hiriburukoa) eta Slovan Liberec (Europa Leagueko multzoen fasera bi aldiz eraman zuena) taldeak ere zuzendu ditu.
- Jokalari azpimarragarriak: SK Slavia Prahako egungo jokalari gehienak Txekiako futbolariak dira, eta horietako 15 bere selekzioarekin aritu izan dira: Tomas Holes, David Zima, Lukas Masopust, Daniel Fila, Mojmir Chytil, Lukas Provod, Jan Boril, David Doudera, Peter Sevcik, Tomas Chory, Tomas Vlcek, Ondej Zmrzly, Matej Jurasek eta Jindrich Stanek. Hoietaz aparte, ondorengo jokalariek osatzen dute taldea: Igoh Ogbu (Nigeria), Conrad Wallem (Norvegia), Christos Zafeiris (Norvegian jaioa, baina Greziako selekzioarekin jokatzen du), El Hadji Malick Diouf (Senegaleko selekzioarekin jokatzen du), Oscar Dorley (Liberiako selekzioarekin jokatzen du) eta Ivan Schranz (Eslovakiako selekzioarekin jokatzen du).
- Bitxikeriak: Besteak beste, Jindrich Stanekek rap abesti bat konposatu du Ejaytime artistarekin batera. Gainera, hainbat jokalari futbolarien saga bateko kide dira. Alexandr Buzeken aitak eta aitonak eta Chory eta Vorlickyren aitak ere egin zuten kirol hau.
Ordutegiak eta Athletic Club-SK Slavia Praha norgehiagoka non ikusi
Europa Leagueko Liga Faseko hirugarren jardunaldiari dagokion Athletic Club-Slavia Praha neurketa ostegun honetan, urriaren 24an, 21:00etan, San Mamesen jokatuko da.
Movstar + Txapeldunen Ligaren bidez jarraitu ahal izango da. Munduko beste edozein tokitatik ikusi nahi baduzu, hemen duzu Europa Leagueko Athletic Club-AZ Alkmaar partida eskaintzen duten telebista operadoreen zerrenda luzea.