Nico Williams eta Unai Simon, hautagai 2024ko Urrezko Baloiaren Galan

Nico Williams eta Unai Simon, hautagai 2024ko Urrezko Baloiaren Galan

Athleticeko bi futbolarik, harrobian heziak, Bilbo eta Euskal Herriaren izenak eta munduan bakarra den klub baten nortasuna ezagutzera emango dute nazioarteko futboleko galarik ospetsuenera

Athletic Cluben historian lehen aldiz, bi futbolari zuri-gorri dira protagonista France Footballek eta UEFAk antolatutako 2024ko Urrezko Baloiaren Galan datorren astelehenean, Parisen. Nico Williams Urrezko Baloia irabazteko hautagaia da, lehoiekin denboraldi bikaina egin ondoren. Euskal hegalekoa, 11 urte zituenetik Lezamako harrobian hezia, LaLigako futbolaririk liluragarrienetakoa izan zen eta Kopako txapeldun geratu zen: Athletic Clubek txapelketa honetan lortu zuen 25. titulua, Real Madrilek baino bost gehiago eta FC Bartzelonarengandik seira, beti Lehen Mailan jokatu duten eta inoiz jaitsi ez diren LaLigako hiru talde bakarrak. Gainera, Nico Williamsek amaiera bikaina eman zion denboraldi zoragarriari Espainiarekin Eurokopa irabaziz, Ingalaterraren aurkako finalean gola sartuz eta partida erabakigarrian MVP izendatua izanez.
Bere klubeko eta selekzioko kide Unai Simon, urteko atezainik onena saritzen duen Lev Yashin Trofeorako hamar izendatuetako bat, galako beste protagonista zuri-gorria da. Euskal atezainak denboraldi bikaina bete zuen, eta horren ondorioz, Zamora Saria irabazi zuen  LaLigan gol gutxien jaso zituen atezaina izateagatik. Era berean, Simonek, Nico Williamsek bezala, Kopako titulua irabazi zuen eta Europako selekzioen txapelduna izan zen.
Nico Williams eta Unai Simon 2024ko Urrezko Baloiaren Galan izendatuen artean egotea Athletic Cluben futbola ulertzeko moduaren aitorpena da. Futbol-elitean ez dago beste talderik kluba ordezkatzen duen lurraldean jaio edo hezitako futbolariekin soilik lehiatzen denik, futbolaren jatorrian ohikoa zena. Berezitasun horri esker, Athletic klub paregabea da munduan, #UniqueInTheWorld. Benetako munduko selekzioak ordezkatzen dituzten izarren artean, euren gaitasunengatik nabarmentzen diren klub ezberdin bateko bi futbolari daude. Haurrak zirenetik aldagela partekatzen dituzten bi jokalari, fubol munduan Athletic Cluben proiekzioa ziurtatzen dutenak.