“UDCA Tenerifek zelai gogorra du”
David Aznarrek Athletic protagonista izatea nahi du aurkariaren trantsizio azkarrak kontrolatu beharko diren zelai zail batean
Astebete Liga F-rik gabe izan ostean, Athletic bihar abiatuko da Tenerifera eta larunbatean zortzigarren jardunaldia jokatuko du UDCA Teneriferen aurka (13:00etan). David Aznarrek hedabideen aurrean esan duenez, taldeak "berriro lehiatzeko gogoa du. Hobetu beharreko gauzetan jarri dugu arreta, minutu gehiago pilatu dituzten jokalariak berreskuratu eta gutxiago jokatu dutenek erritmoari eusteko".
Lehen sei jardunaldien balorazioari buruz galdetuta, teknikari zuri-gorriak esan du taldeak abantaila handia atera izan diola geldikako jokaldiei, "iaz ez genuen sendotasuna bera eta puntuak ateratzea ahalbidetzen digu. Erasoan hobetu behar dugu, eta hemendik aurrera lau partidako zikloa izango dugu, ahalik eta puntu gehien lortzen saiatzeko".
Sailkapeneko goialdean finkatzea
Costa Adejeko zelaia belar artifizialekoa da, eta horrek Kanariar Uharteetan jokatuko den neurketaren norabidea aldatzen du. "UDCA Tenerfek oso zelai gogorra du, partidak beti dira konplexuak han. Zelaiaren azaleragatik zein jokalarien kalitateagatik neurketa zaila espero dugu. Egia da soropilak baldintzatu egingo gaituela jokoaren alderdi batzuetan, baina llehiara azkar eta ondo sartzen saiatuko gara. Joko konbinatiboa mugarri duen entrenatzaile berria dute, geldikako jokaldietarako jokalari indartsuak dituzte eta sufritzera behartuko gaituzte trantsizioentzat azkarrekin. Gure erronka honakoa da: norgehiagokako protagonistak izan nahi dugu, baloia gure mendean dagoela".
Azkenik, lehoien sailkapenari dagokionez, ligako lehen herenera iristear gauden honetan, laugarren postutik hiru puntura daudela adierazi du entrenatzaileak: "Iaz baino bi puntu gehiago ditugu. Iaz baino puntu gehiago atera ditugu etxetik kanpo. Plaza horietan sendotzen ari gara eta, iaz bezala, bigarren itzuli lehiakorra egiten saiatuko gara, postu horietatik aldendu gabe. Denboraldiz denboraldi aurrera hurratsak ematen jarraitu nahi dugu", amaitu du.
Erlazionatutako partidak
UD Tenerife - Athletic Club

