
Ezagutu PFC Ludogorets, Athleticen Europako hurrengo aurkaria
Ezagutu PFC Ludogorets, Athleticen Europako hurrengo aurkaria
Taldea bulgariara joango asteazken honetan eta ostegunean azken 13 urteetako hango ligako txapeldunaren aurka jokatuko du
Europako txapelketa aurrera doa eta Athletic Clubek Liga Fasean izango duen laugarren hitzorduari ekiteko ordua heldu da. Orain arte jokatutako hiru partidetan zazpi puntu lortu ondoren, Athleticek aurrerapauso handia eman dezake Razgraden (Bulgaria) PFC Ludogoretsen aurka irabazten badu. Nazioarteko futbolaren panoraman oso ezaguna ez izan arren, Bulgariako azken 13 Ligak irabazi ditu eta, ondorioz, denboraldiz denboraldi Europako txapelketak jokatu ditu. Razgradekoek ez dute ondo hasi Europa Liga eta puntu bakarra lortu dute Victoria Pilsenen aurka hutsean berdindu ostean. Hala ere, liderrak dira euren Ligan, bigarrenengandik bederatzi puntura eta porrota ezagutu gabe.
Aurkaria
Ludogorets taldea 1945ean sortu zen eta 2009an Profesionalen Futbolen Klub Ludogorets 1945 izenarekin birfundatu zen.
Kluba Razgrad hirian dago, Bulgariako ipar-ekialdean, eta 29.000 biztanle inguru ditu. Huvepharma Arenan jokatzen ditu bere norgehiagokak, 12.500 ikuslerentzako edukierarekin. 60, 70 eta 80ko hamarkadetan, Ludogoretsek Bulgariako Bigarren Mailan jokatu zuen, 1997an FC Antibiotic Razgrad taldearekin bat egin zuen eta FC Antibiotic-Ludogorets izena hartu zuen, 2005ean desagertu arte.
2009an, Aleksandar Aleksandrovek, FC Razgrad 2000ren jabeak, FC Antibiotic-Ludogoretsen errekorrak eta historia heredatu zituen, PFC Ludogorets 1945 bezala berrizendatuz, eta taldea Bulgariako futbolaren gailurrerako bidea hasi zuen. Ivalo Petev entrenatzaile zela, PFC Ludogorets Bigarren Mailara igo zen, eta Kiril Domuschiev enpresaburu eta industrialari bulgariarra klubera iritsi zenean, 2011ko ekainean, Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Urtebete geroago, PFC Ludogoretsek bere ligako lehen titulua lortu zuen, eta guztira 13 irabazi ditu jarraian. Inoiz ez du talde bakar batek ere Bigarren Mailatik igo ondoren eliteko ligan hainbeste titulu jarraian lortu.
Razgrad, Danubioko lautada menditsu eta basotsua
Razgrad hiria Ludogorie eskualdean dago, Beli Lom bailaran, Bulgariako ipar-ekialdean. Danubio ibaiaren lautadan dagoen eskualdea da, eta antzinan basoz beteta zegoen. Are gehiago, 'Ludogore' hitza 'baso basati' gisa itzultzen da. Antzinean diogu, nekazarien lurrek basoa ordezkatu zutelako, eta, gaur egun, nekazaritza da eskualdeko eragile nagusietako bat.
Hiriak hainbat gune interesgarri ditu athleticzaleek bisitatu dezaten, turismoa egiteko eta Bulgariako kulturaren aniztasuna bertatik bertara ikusteko. Varosha konplexua (XIX. mende arkitektonikoan datatua), museo etnografikoa, erloju-dorrea, San Nikolas eliza edo Ibrahim Pasha meskita (Balkanetako handienetako bat) ikus daitezke. Jarraian, Bulgariako agintariek athleticzaleentzat gomendatutako Meeting Pointa duen mapa eransten da, baita iradokitako zelairako ibilbidea eta bisitarien harmailara sartzeko puntua ere.
Bitxikeria gisa, Razgrad hiriak turkiar etniako populazio garrantzitsua du (% 20), nahiz eta probintziako gainerako lurraldeetan baino txikiagoa den. Izan ere, probintziaren %50 inguru da musulmana, hedapen handiena duen erlijioa, kristau ortodoxoen aurretik.
Athletic Club-Bulgaria loturak
Ez dira gutxi Athletic Clubek Bulgariarekin dituen loturak. Badago 'Athletic Club Bulgaria' izeneko Facebook talde aktibo bat, klubari buruzko informazio eguneratua partekatzen duena. San Mames bisitatzeko aukera izan dute eta, besteak beste, Bucaresten jokatutako UEFA Europa Leagueko finalean gainontzeko athleticzaleekin batera bertan izan ziren.
Bestetik, Andrey Demirev Max Sporteseko kazetaria, lan kontuak medio, Algortan bizi da eta Waterpoloaren zale amorratua den heinean, euskal selekzioaren delegatua da.
Kirol arloan, zuri-gorriek Bulgariako PFC Bereo Stara Zagoraren aurka jokatu zuten 1973ko Errekopako final-zortzirenetan. Joanekoan bulgariarrek hiru gol egin zizkieten lehoiei eta itzulerako partidan Athleticek 1-0 irabazi zuen. Kasualitateak kasualitate, Bulgariako klub horretan egun Oier Sarriegik jokatzen du, Amaiur Sarriegi Athletic Clubeko jokalari ohiaren anaiak.
🗣️ Oier Sarriegik, Bulgariako Lehen Mailako @beroestz-en jokalaria eta Lezaman egondakoa, #LudogoretsAthletic partidako gakoetako batzuk eman dizkigu.
— Athletic Club (@athletic_eus) November 7, 2024
📋 @EuropaLeague-ko gaurko aurkaria hobeto ezagutu dugu futbolari donostiarraren eskutik.#MadeInEuskalHerria pic.twitter.com/Wi2irgPg9X
Bulgariako talde baten aurka jokatutako beste partida 1971ko abuztuaren 14an izan zen, Palmako Ciutat de Palma trofeoan, CSKA Sofiaren aurka. Partidaren emaitza 2-1 izan zen, bulgariarren aldekoa.
Amaitzeko, PFC Ludogorets taldean jokatzen duen jokalari bat Athletic Cluben hitzartutako klub batean aritu zen. Francisco Javier Hidalgo 'Son'-ek Barakaldo CF taldean jokatu zuen 2017/18 denboraldian. Aitor Larrazabalek zuzendu zuen talde hura eta Lezaman hazitako zenbait jokalarik jokatzen zuten: Txabi Galan, Xabi Etxebarria, Galder Cerrajeria, Jon Iru, Jurgi Oteo, Sergio Garcia edo Ander Vitoria. Gainera, plantilla horretan Alain Arroyo zegoen, San Mames zaharreko azken golaren egilea.
Datu interesgarriak
- Ezizena: 'Orlite or Razgrad', Razgradeko Arranoak.
- Entrenatzailez aldatzen duen Europako beste aurkari bat: De Rossik agur esan zion Romari Athleticen aurkako Europako estreinaldia baino astebete lehenago. Juric entrenatzaile berriaren bigarren partida, hain zuzen, Olinpikoan lehoien aurka jokatutakoa izan zen. Istorioa Ludogoretsekin errepikatzen da. Hain zuzen ere, Zahari Sirakov entrenatzaileak Slavia Pragaren aurkako (0-2 galdu) partidara arte zuzendu zuen taldea. Gaur egun Igor Jovicevicek zuzentzen ditu bulgariarrak, Shakhtar edo Dínamo Zagreben aritutakoak. Hala ere, ez da erromatarren kasu bera. Georgi Dermendzhiev, denboraldia Ludogorets taldean hasi zuena, abuztuaren 15ean kaleratu zuten, Championseko hirugarren atarikoan Qarabag taldearen aurka galdu ondoren. Joanekoan Azerbaijanen 1 eta 2 irabazi ondoren, itzulikoan 2 eta 7 galdu zuten. 90. minutura 2 eta 3 iritsi ondoren, bulgariarrak luzapenean desegin ziren. Sirakovek hartu zuen agintea Ludogoretseko bigarren taldetik iritsia, eta Jovicevic kroaziarra lehen taldea zuzentzera sartu zenean bigarren taldera itzuli da.
- Azken emaitzak: PFC Ludogoretsek puntu bakarra lortu du Europa Leagueko aurtengo txapelketan. 0-2 galdu zuen Slavia Praharen aurrean, 2-0 Anderlechten kontra eta 0-0 berdindu zuen Viktoria Plznen aurka. Sailkapeneko 33. postuan dago kokatuta, hurrengo fasera igaroko liratekeen taldeen mozketatik kanpo. Hala ere, ligan liderra da, bigarrenetik bederatzi puntura, eta ez du partidarik galdu.
- Jokalari aipagarrienak: Razgradko arranoek munduko beste liga batzuetan trebatutako jokalari mordoa dute taldean. Horren adibide dira Sergio Padt (atezain nederlandarra), Edvin Kurtulus (defentsa suediarra), Olivier Verdon (defentsa frantziarra, Alavesen aritutakoa), Jakub Piotrowski (erdilari poloniarra), Pedro Naressi (erdilari brasildarra), Bernard Tekpetey (Iñaki Williamsen taldekidea Ghanako selekzioan) eta suitzako Kwadwo Duah eta argentinako Matias Tissera aurrelariak.
Hala ere, Bulgariako selekzioko jokalari internazionalak ere baditu: Spas Delev (erdilaria), Ivaylo Chochev (erdilaria), Anton Nedyalkov (atzelaria) eta Ivan Yordanov (erdilaria).
Ordutegiak eta non ikusi PFC Ludogorets-Athletic Club
PFC Ludogorets eta Athletic Cluben arteko Europa Ligako Faseko laugarren jardunaldiari dagokion partida azaroaren 7an jokatuko da, ostegunean, 18:45ean, Huvepharma Arenan.
Movistar + Txapeldunen Ligaren bidez jarraitu ahal izango da.