Thinking Football 2024aren inaugurazioa

Thinking Football 2024aren inaugurazioa

Athletic Club Fundazioaren zine jaialdia "The Last Taboo" filmaren proiekzioarekin eta Thomas Hitzlsperger eta Amal Fashanuren parte-hartzearekin estreinatu da

Fundazioak antolatutako Thinking Football Film Festival jaialdiaren XII. edizioa gaur arratsaldean inauguratu da Sala BBK aretoan, "The Last Taboo" film alemaniarraren proiekzioarekin. Nerea Ortiz Athletic Clubeko presidenteordeak eman du hasierako hitzaldia. "Futbol talde batek antolatutako zinemaldi bat? Homofobiari, historikoki ukatu zaizkion espazio sozialak konkistatzeko emakumearen borrokari, gaitasun ezberdinei edo migrazioari buruzko hausnarketak planteatzen dituen futbol taldea? Kulturarekin lan egiten duen kluba, ikastetxeetara liburuak doan bidaltzen dituena, irakurketa sustatzen duena? Aspaldi honetan, hemen behintzat, Bilbon, kontu horiek ez dute harritzen. Ohituta gaude, zorionez, gure klubaren ezohikotasunera. Unique in The World gara ", azpimarratu du presidenteordeak jendez gainezka zegoen areto batean, eta duela egun batzuk "Ez dago sarrerarik" kartela eskegi zuena.

Inauguraziora bertaratu diren pertsona ospetsuen artean, nabarmentzekoak dira Nora Sarasola, BBKren ordezkari gisa, Gonzalo Olabarria eta Marcos Muro, Bilboko Udalaren izenean, Vanessa Fernández, EITBkoa, Jorge Gómez, Grupo Tecmaneko zuzendaritza-batzordeko kide ohi eta zuzendari nagusia, eta ordezkaritza zuri-gorri zabala, Jose Angel Iribar, Andoni Goikoetxea, Ane Azkona, Bibiane Schulze, Nerea Ortiz, Jon Ruigómez, Josetxu Urrutia, Laura Ruiz de Azúa, Xabier Álvarez, Ainhoa Iza, Johana Ruiz-Olabuenaga, Sergio Navarro eta Patronatuko ordezkariak, hala nola, Amaia Jugo eta Xabier Madariaga.

"The Last Taboo" futbolaren munduko sexu-askatasunari buruzko filma da. Dokumentalak hamar jokalari homosexualen testigantzak eta bizipenak biltzen ditu, tartean Marcus Urban, Collin Martin, Matt Morton, Justin Fashanu edo Thomas Hitzlsperger. Azken hau Athletic Cluben 125. urteurrenaren enbaxadore izendatu zuten, futbol justuago, pluralago eta toleranteago baten alde egindako borrokagatik. Izan ere, Thomas Hitzlsperger bera aretoan izan da eta homofobiaren aurkako borrokaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Istorio positibo bat kontatu nahi izan dut, nire istorioa errepika ez dadin, hobera egin dezan. Bosgarren aldia da Bilbon nagoela. Athletic Club adibide ona da klubek etorkizunari nola aurre egin behar dioten erakusteko".

Amal Fashanu, Justin Fashanuren iloba, izan da solasaldiko beste protagonista nagusia. "Espero dut osabaren istorioa lagungarria izatea futbolari gazteentzat. Zailagoa da zeure buruari gezurra esatea, zu izan gabe, zure nortasuna ezkutatzea baino. Futbolak ez du behar bezala eboluzionatu homofobiaren aurkako borrokan", nabarmendu du aurkezle, diseinatzaile, abeslari eta aktibista britainiarrak.

Felix Gottschalk filmaren ekoizleak eta Manfred Oldenburg zuzendariak ere parte hartu dute zineforumean. Biek azpimarratu dute "garrantzitsua" dela homofobiaz hitz egitea, "hala egingo ez bagenu, existituko ez balitz bezala baita".

Asteartea: ‘The Football Aficionado’ eta ‘Copa 71’

Thinking Football jaialdiak zinema eta futbol saio bikoitzarekin jarraituko du astearte honetan.

18:00etan "The Football Amateur" dokumentala proiektatuko da Sala BBK Aretoan. Filmak Teheranen bizi den 27 urteko irandar Zahra gaztearen istorioa kontatzen du. Filmeko protagonista Persepolis futbol taldeko zale amorratua da, eta futbola zuzenean ikusi nahi izan du beti, baina, zoritxarrez, Iranen emakumeek debekatuta zuten partidetara joatea. Zahra gizonez mozorrotuko da eta estadiora sartzea erabakiko du. Hemen lor dezakezu sarrera.

20:00etan, Ingalaterra, Argentina, Mexiko, Frantzia, Danimarka eta Italiako selekzioek 1971ko abuztuan Mexiko Hirian jokatu zuten emakumezkoen futbol txapelketari buruzko bigarren film luzea proiektatuko da. Gertaera honek 100.000 jarraitzaile baino gehiago bildu zituen Estadio Azteca historikoan, eta futbolaren historian mugarri izan zen, baina historia bigarren mailan geratu zen. Filma ikusteko sarrerak hemen daude oraindik.