
Iñaki: "Williamstarrak bizitza hobe baten bila etorri diren pertsona horiek guztiak dira"
Iñaki: "Williamstarrak bizitza hobe baten bila etorri diren pertsona horiek guztiak dira"
"Los Williams" pelikularen solasaldian, Iñakik etxean eta baita Lezaman ere jasotako baloreen inguruko prestakuntzaren garrantziaz hitz egin du
Iñaki Williams kirol arloaz haratago doan klubeko jokalari horietako bat da. Futbolari gisa, izugarri ona da, zerbait diferentziala. Pertsona gisa, Athleticen balioak modu leialean ordezkatzen ditu, futbol zelai barruan zein kanpoan. Jokalekuan, buru-belarri nekaezinez aritzeagatik eta lidergo naturalagatik eredugarria da. Soropiletik kanpo, bere ontasun eta kidetasun sentimenduagatik, gaurko Thinking Football solasaldian agerian geratu denez.
Galder Reguera jaialdiko zuzendariarekin izandako elkarrizketa batean, Sala BBK Aretoa lepo egonik, argi geratu da zergatik den Iñaki Williams athleticzaleen artean maitatuenetako bat.
"Athleticeko harrobian sartu eta lehen taldera iristea nuen amets, eta banekien esfortzu faltagatik ez nindutela Athleticetik botako. Nire ahalegina negoziaezina da ", aitortu du Iñakik.
Raul de la Fuentek zuzendutako "Los Williams" filmak Iñaki eta Nico anaien istorioa kontatzen du, sentiberatasunez eta zuzentasunez. Kirol erretratua baino gehiago, giza erretratua da, eta horregatik gurasoen protagonismoa – María (Owusu) Arthuer, Athletic Cluben 125. urteurreneko enbaxadorea, eta Felix (Owusu) Williams – funtsezkoa da filmean. "Film hau ez da gure istorioa bakarrik. Williamstarrak bizitza hobe baten bila etorri diren pertsona horiek guztiak dira, eta espero dut jendeak haiekin enpatizatzea, gurekin enpatizatzen duten bezala. Hori da garrantzitsuena ", erantzun du Iñakik" Williamstarrak "nortzuk diren galdetu diotenean.
Pelikula giza erretratua da, baina ez bakarrik Williamstarrek Bilbora iristeko igaro behar zuten odiseagatik, baizik eta, batez ere, familia osoak arnasten duen maitasunagatik, gurasoengandik seme-alabengana –nolako enborra, halako ezpala–, eta baita anaiarengandik anaiarengana ere.
"Niretzat seme bat bezalakoa da. Orain gizon heldua da, eta oso pozik nago, oso ondo ikasi baititu irakatsi dizkiguten balio guztiak ".
Athletic Clubek ere ezinbesteko lekua du filmean. Zainetatik afrikar odola darien bi euskal anaia "beltzak" Athleticen filosofiaren munduko enbaxadoreak dira, eta horrek are garrantzi handiagoa ematen die Williamstarrei. Migrazioaren balio sozialaren adibide ezin hobea.
Baina, Gabarrako irudi ikusgarrietara iritsi aurretik, prestakuntza- eta ikaskuntza-aldi oso bat igaro behar izan zen, eta hor jartzen da agerian Lezamako eskolak dakarren prestakuntza integrala. “Athletic ere familia bat da”, aitoru du Iñakik.
Astelehenean, azaroaren 25ean, "Volver a vivir" eta "Looking for Eric"
Asteburuko etenaldiaren ondoren, azaroaren 25ean (astelehena) Thinking-en saioei ekingo zaie berriro.
17:00etan, futbolaren zinemako klasiko batez gozatzeko aukera izango da, "Volver a vivir" izenburukoa. Mario Camusek zuzenduta, Luis Rubio futbol jokalari ohiaren nondik norakoak kontatzen ditu. Azken sarrerak eskuragarri HEMEN.
Eta 19:00etan, Thinking-en benetako harribitxietako bat datorkigu: "Looking for Eric", Ken Loach-ena eta Eric Cantona protagonista duena. Gainera, pelikularen gidoilariak, Paul Lavertyk, parte hartuko du solasaldian, erreferenteetako bat zinema munduan. Sarrerak agortuta daude.