Komunikatu ofiziala: batzen gaituzten balioen defentsan

Komunikatu ofiziala: batzen gaituzten balioen defentsan

Tolerantzia eta adierazpen-askatasuna Athletic Club identifikatzen duten balioak dira, eta balio hauek indarkeriarik eta estortsiorik gabeko bizikidetza-eredu bat onartzea eskatzen dute

Zenbait komunikabidetan Athletic Clubeko presidenteak jarritako mehatxuengatiko eta hertsapenengatiko salaketaren albistea argitaratu denez, entitateak honako hau jakinarazten du:

Lehenik eta behin, egia dela Athletic Clubeko presidentea mehatxatu zutela San Mameseko irteeran, Real Madrilen aurkako partidaren ostean. Hain zuzen ere, eta jada jakinarazi den bezala, hainbat irainez gain, intimidazioa ere erabili zuten, Herri Harmailarekin "sartzeak" izango lituzkeen ondorioei buruzko ohartarazpen esplizitu baten bidez.

Bigarrenik, Klubak berak, batzorde betearazlean bilduta, salaketa bat jartzeko eskatu zion presidenteari, erakundea egituratzen duten balioak defendatzeko. Athletic Clubek modu demokratikoan aukeratzen ditu bere presidenteak bazkideen artean, eta mehatxuek ezerezean utzi ezin daitekeen marra gorria gainditzen dute. Izan ere, izenaz eta pertsonaz haratago, presidenteak Athletic Club ordezkatzen du, gure Estatutu Sozialetan jasota dagoen bezala, eta hortaz, bere karguagatik jasotzen dituen irainak erakundearen aurkakoak ere badira. 

Athletic Clubek ez dio inolaz ere mehatxua Herri Harmailari egozten, honen gehiengoa, gainerako zale zurigorriena bezala, kiroltasun, bizikidetza, gizalegea eta errespetuaren adibide argia baita.

Tolerantzia eta adierazpen askatasuna Athletic Club identifikatzen duten balioak dira. Eskubide guztiek betebehar batzuk dakartzate, eta indarkeriarik eta estortsiorik gabeko bizikidetza-eredu bat onartzea eskatzen dute. Errespetuan oinarrituta, edozein desadostasun zilegi da.

Hori esanda, Athletic Clubek beste behin ere edozein indarkeria-motarekiko zero tolerantziaren konpromisoa berretsi du, eta agintariekin lanean jarraituko du izaera arrazista, xenofoboa, homofoboa, matxista edo intolerantea duen edozein ekintza desagerrarazteko.

Athletic Club zaleak dira. Eta gure zaleek argi utzi dute gure Klubaren balioen aurkako edozein jokabide bortitz arbuiatzen dutela.