“Villarrealek erreakzioa bilatuko du Kopako porrotaren ondoren”
“Villarrealek erreakzioa bilatuko du Kopako porrotaren ondoren”
Ernesto Valverdek hedabideen galderei erantzun die Athletic-Villarreal partidaren aurretik
Athleticek Villarreal hartuko du igande honetan San Mamesen, "denboraldi honetan etxetik kanpo partida bakarra galdu duen talde oso ona", gogorarazi du Ernesto Valverdek. "Sailkapenean itsatsita gauden bi talde gara, aurkari zuzena da guretzat eta, nola jokatzen duten ikusita, datorren urtean Europa jokatuko dute ziurrenik. Goian egoteko hautagai sendoa da", gaineratu du entrenatzaile zuri-gorriak.
Villarreal Pontevedraren aurka Errege Kopan kanporatu izanak aurkari "are arriskutsuagoa" bihurtzen duela azpimarratudu Txingurrik.
Taldearen une egokiaz galdetuta, Valverdek erantzun du helburua "jarraipena ematea" dela, baina "jakin badakigu futbolean irabaztearen eta galtzearen arteko distantzia oso laburra dela. Badakigu talde ona garela eta ondo dago jendea ilusionatzea, baina oinak lurrean ditugu".
Iñaki Williamsek debuta egin zuenetik bete diren hamar urteen inguruan, "Athleticen testuinguruan nekez gaindi daitezkeen zenbakiak" dituela azpimarratu du entrenatzaileak. "Taldeari eman diona izugarria da", gaineratu du.