Ibaigane haserre agertu da Istanbulen gertatutakoagatik

Ibaigane haserre agertu da Istanbulen gertatutakoagatik

Athletic Clubek elkartasuna adierazi die bertaratutako zale zuri-gorriei, eta deitoratu egin du Fenerbahce SKren estadiora sartzean ikurriñak kendu izana (neurri horren aurka egin arren)

Athletic Clubek bere haserrea adierazi nahi du Istanbulen gure zaleen zati handi batek bizi izan zuen egoera onartezina dela eta. Klubak tokiko agintariekin hitz egin zuen Fenerbahce SK estadioaren sarbideetan ikurriñak eta bestelako objektu eta bereizgarriak (txanponak edo bufandak, esaterako) errekisatzea saihesteko, baina Turkiako agintariek ez zuten jaramonik egin, eta beren jarrerari eutsi zioten.

Gure laguntza- eta segurtasun-taldea, oraingo honetan sei kiderekin indartuta, Turkiara joandako mila athleticzaleentzat ahalik eta ondoen igaro zedin saiatu zen goizean goizetik. Hala, klubeko bi pertsona, bi ertzainekin batera, ezarritako topagune nagusira joan ziren, zaleak estadiora eraman zitezen zaintzeko. Tokikoak hala aginduta, autobusez egin behar zen. Klubeko langileak zaleekin batera joan ziren azken autobusean, eta trafiko kaotikoa pairatu zuten.

Hala ere, eragozpenik handienak zelaiko sarbideetan izan ziren. Han Klubeko beste bi kide zeuden zain, eta alferrik saiatu ziren estadiora inolako oztoporik gabe sartzeko. Klubeko langileek eta Ertzaintzak Turkiako poliziari azaldu zioten ikurriñak eta konfiskatutako beste bandera batzuk baimenduta zeudela, baina poliziak ez zuen erabakia aldatu.

Hori dela eta, Klubeko laguntza-taldeak ahaleginak egin zuen zaleek, gutxienez, euren gauzak berreskura zitzaten partidaren amaieran, eta hori neurri handi batean lortu zen.

Athletic Clubek Istanbulen gertatutakoari buruzko informazioa biltzen jarraitzen du, gure zaleen eskubideak defendatzen jarraitzeko, beharrezkoa den tokian eta egoki deritzon instantzien aurrean.

Bestalde, bizitako esperientzia desatsegina gorabehera, Athletic Clubek gure zaleen portaera eskertu nahi du, beste behin ere bere kiroltasuna eta grina erakutsi baitzuten, ahulezia-indarrak ateraz gure jokalariak etengabe animatzeko, taldearen garaipen berriari bere aletxoarekin lagunduz.