
Kluba |
Jose Angel Iribar Zarauzko Seme Kutun izendatua
Jose Angel Iribar Zarauzko Seme Kutun izendatua
Athletic Clubeko atezain mitikoak bere jaioterriko udalaren aitortza jaso du
Zarauzko udalak Jose Angel Iribarri Zarauzko Seme Kutun izendatzea erabaki du. Athletic Clubeko atezain ohiak bere jaioterriko herritarren zein ordezkari publikoen babesa jaso du udaletxean burututako ekitaldian.
Harreran, Iribarrek aurreskua jaso zuen eta, ondoren, Andoni Egaña bertsolari eta lagunak osatutako bertsoa emozioz entzun zuen. Bilkura aretoan, Xabier Txurruka alkateak atezain zuri-gorriaren kirol bertuteak, euskal kulturarekiko engaiamendua eta giza baloreak nabarmendu zituen, Zarauzko seme kutun izendatzearen arrazoiak azalduz. Bide beretik jo zuten udal taldeetako bozeramaileek, EAJ-ko Garbiñe Oiarbidek, EH Bilduko Itziar Muruak eta PSE-EE alderdiko Inaxio Illarramendik. Segidan, lore sorta eskaintzeaz gain, Iribarrek Zarauzko domina jaso zuen.
Ekitaldian, familia eta lagunekin batera, Alex Padilla, Athletic Clubeko jokalaria, Nerea Ortiz, lehenengo presidenteordea, Josetxu Urrutia, batzordekidea, Andoni Goikoetxea eta Manolo Delgado Meco, erakundearen ordezkari gisa, Javier Clemente, Pablo Otaolea, Estanis Argote eta Iñaki Churruca bezalako lehoiak, baita Zarauzko Athletic Zaleak peñako hiru ordezkari ere egon ziren. Gonbidatuen artean, Iribarrekin batera herriko hondartzan lehiatutako txapelketetan aritutako Jorge Izeta eta Zarauzko Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantes batzar aretoan egon ziren baita.