"Hemen asmatzea da kontua, eta gaur ez dugu egin"

"Hemen asmatzea da kontua, eta gaur ez dugu egin"

Valverdek Athletic Kopako final-zortzirenetan kanportatua izatea deitoratu du, baina "geratzen zaizkigun lehiaketetan aurrera jarraitu eta aurrerapausoa eman" behar dela azpimarratu du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du lehoiek San Mamesen Osasunaren aurka 2-3ko emaitzarekin galdu ostean. Kopako final-zortzirenetan kanporatuak izatea ekarri du horrek. "Hemen San Mamesen Osasunaren aurka jokatu ditugun azken partidetan gertatutakoa errepikatu da. Haien areara iristen gara, aukerak sortzen ditugu eta, hala ere, guk baino gehiago asmatzen dute eta azkenean Kopatik kanporatzen gaituzte. Egia da neurketaren hasieran kosta egiten zitzaigula haiek zain geneuzkan bitartean eta gure jokoa zailtzen zuten. Kontraerasora ateratzen eta baloi geldikako jokaldiak baliatzen saiatzen ziren. Lehen bi golei aurre egin ahal izan diegu gure bultzadarekin, baina abagune asko izan arren, ez dugu nahi genuen abantaila lortu, eta bere lehen jokaldi harilkatuan etorri da min egin digun hirugarren gol hori. Hasierako posizio horretara itzultzen ziren, asko ixtera. Hala ere, berdinketa lortzeko aukerak sortu ditugula uste dut, baina ezin izan dugu".

Entrenatzaile zuri-gorriak, gainera, asmatu ez izana deitoratu du: "Aurkaria jokoa zailtzen saiatu da, erritmoa gelditzen. Ez dugu bakarrik jokatzen. Bakoitzak bere jokoa egiten du. Bigarren zatian erritmo biziagoa jarri dugu, baina hemen asmatzea da kontua, eta gaur ez dugu egin. Partidara batera dena dago jokoan. Kanporaketak horrelakoak dira. Ez dira LaLigan bezala, non dena berdinduz doan".

Azkenik, Valverdek aurrera begiratu beharra dagoela adierazi du: "Hau dena bezala da. Funtsean badakigu nolakoa den futbola. Irabazten baduzu, onenak gara, eta galtzen baduzu, altxatu egin behar zara. Irabazi ahal izateko dena eman dugu, baina ez da posible izan eta orain geratzen zaizkigun lehiaketetan aurrerapauso bat eman behar dugu. Inori ez zaio gustatzen kanporatua izatea, baina bizitzak aurrera jarraitzen du eta zailtasunei aurre egitea da kontua. Egia da urtea ez dugula hasi gustatuko litzaigukeen moduan, baina ez da hemen amaitzen eta jarraitu egin behar da".