
Nico Serranok 2028ra arte berritu du kontratua
Nico Serranok 2028ra arte berritu du kontratua
Aurrelari trebeak bi urtez luzatu du Athletic Clubekin duen lotura
Athletic Clubek eta Nico Serranok akordioa lortu dute taldearekin zuen lotura bi denboraldi gehiagoz luzatzeko, 2028ko ekainaren 30era arte, hain zuzen ere. 21 urterekin, talentuz betetako jokalari nafarra entitatearen kirol apustu gisa berretsi da eta gaur eguerdian sinatu du kontratu berria San Mamesen, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez Futbol zuzendari nagusia bertan zirela. Zuzendaritza Batzordeak ezarritako ildotik, helburuen araberako aldagaia duen soldata-egitura du kontratu berriak.
Serranok 25 partida jokatu ditu lehoi gisa, horietatik 8 aurtengo denboraldian, eta bi gol sartu ditu. Bere lehen denboraldian, Marcelino García Toralen aginduetara jokatu zuen lehen partida, eta partida irabazteko gola sartu zuen Vallecasen. Aurtengo denboraldian, Ludogoretsen aurka lortutako golak Europa Leagueko markagailua irauli zuen (1-2).
Mikel Gonzalez pozik agertu da akordioarekin: "Nicok 21 urte ditu eta esperientzia du jada futbol profesionalean, 65 partida batuta Athleticen eta lagapenenen artean. Bere abilezia teknikoek erasoko hainbat posiziotan jokatzeko aukera ematen diote, eta zentroak ateratzeko eta amaitzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da. Goleko gosea du. Jauzi lehiakorra eman zuen Racing Ferrolen utzita eman zuen denboran eta aurten minutu garrantzitsuetan sartu da Valverderen aginduetara. Itxaropen handia dugu berarengan".