
Galderak eta Erantzunak: Animazioa, Isunak eta Identifikazioak
Galderak eta Erantzunak: Animazioa, Isunak eta Identifikazioak
Athletic Clubek, San Mameseko urteko lehen partidaren atarian, futbol zelaiko animazioarekin lotutako gai nagusiak argitu nahi ditu
Athletic Clubek, 2025. urteko San Mameseko lehen partidaren atarian, garrantzitsutzat jotzen du bazkideek eta Gazte Abonodunek Katedraleko animazioari buruzko informazio argia eta egiazkoa izatea.
Era berean, galdera-erantzunen eredu honen bidez, Klubak isun eta identifikazioekin zerikusia duten zalantzak argitzen ditu, indarrean dagoen araudiaren arabera, bazkide guztiei eta futbol zelaiko lau tribunei (Nagusia, Ekialdea, Iparraldea eta Hegoaldea) berdin eragiten dietenak.
Animazioari eta Herri Harmailari buruz
Zer iritzi du Klubak Herri Harmailari buruz?
Klubak, eta bere bazkideek hala erabaki zuten Konpromisarioen Batzarrean, erabat funtsezkotzat jotzen du Herri Harmaila egotea eta bultzatzea, taldeak babesa senti dezan, bai aldeko uneetan, bai, batez ere, ezbeharretan. San Mameseko ikusleen arnasak puntuak ematen ditu denboraldi bakoitzean, eta giro egoki horren sorreran Herri Harmaila baten bultzada eta lidergoa ezinbestekoak dira Athletic Clubentzat.
Ze taldek osatzen dute Herri Harmaila?
Animazioko Harmaila herrikoia hainbat kolektibok eta harmaila honetara modu pertsonalean batu ziren bazkideek osatzen dute. Kolektiboen artean, ezagunenak "Piratak", "Euskal Lions" eta "ICHH" dira, eta ugariena Gazte Abonoa, 2.237 gazterekin, 17 urteko batez bestekoarekin.
Kolektibo horietatik guztietatik, gaur egun greban dagoen talde bakarra "ICHH" da, eta grebaren ondorioz, indarkeria tarteko, egoera jasanezina da partidu-egunetan. Horrek modu nabarmen eta bidegabean egiten dio kalte taldeari.
Nola adierazten da egitateetan iritzi on hori?
Hainbat dira Herri Harmailak Klubarentzat duen garrantzia erakusten duten berezitasunak:
- Urteko kuotak, prezio murriztuan. Herri Harmailako bazkideek eta Gazte Abonodunek gainerako bazkideek baino gutxiago ordaintzen dute taldeari ematen dioten baldintzarik gabeko babesa konpentsatzeko eta sustatzeko.
- Klubak animazio-lanerako bitartekoak eta tresnak ematen dizkio Herri Harmailari, hala nola banderak, mikrofonoak, megafonia, bonboak eta antzekoak, baita estadioan horiek gordetzeko kokapena ere.
- Klubak 44 sarrera ematen dizkio Herri Harmailari partida bakoitzeko, San Mamesen laguntza-kantuen buruan daudenentzat, banderak mugitzeko eta bonboak erabiltzeko.
- Herri Harmaila da Kluba ohiko moduan biltzen den bazkideen talde bakarra, San Mameseko animazioa jardunaldi bakoitzean ahalik eta onena izan dadin.
- Klubak Hegoaldeko VIP eraztunean birkokatu zituen Ipar Beheko Harmailetako bazkideak – ticketing bidezko diru-sarreren ondoriozko kaltea bere gain hartuz –, Herri Harmailak tribuna oso hori bete zezan.
- Azkenik, Klubak 100 sarrera eman zizkion Herri Harmailari 2024ko Kopako finalerako.
Zer zigor jartzen zaizkio Athletic Clubi partida egunetan?
Espainiako Futbol Federazioko Diziplina Batzordea, LaLigaren txostenaren ondoren, Athletic Clubi zigorrak ezartzen ari zaio partidetan zehar gertatzen ari diren zenbait kanturengatik. Batzordearen ustez, kantu horiek zigorgarriak dira indarkeria bultzatzeagatik edo partidan parte hartzen duten pertsonei mespretxu edo irain nabarmena egiteagatik.
Zeintzuk dira Athletic Clubi isunak jarri dizkioten kantuen adibide zehatzak?
Batez ere Herri Harmailatik datozen kantuak Athletic Cluben aurkakoak dira, Espainiako Futbol Federazioko Diziplina Batzordeak zigortu ditzakeelako, eta hiru motatakoak dira:
Klubak edo selekzioak iraintzen dituztenak: “Puta Valencia”, “Puta Barça”, “Puta España, puta selección”, etab.
Partidan parte hartzen duten pertsonak iraintzen dituztenak: “Bordalás, hijo de p***”, “Carvajal, hijo de p***”, “Españoles, hijos de p***”, etab.
Batzordearen ustez indarkeria bultzatzen dutenak: “Arriba, arriba con la goma 2, que en Euskadi se prepara, que en Euskadi se prepara, pim-pam-pum, la revolución”, “Písalo, písalo”, “Greenwood mué****, Greenwood mué***”, etab.
Zenbateko isunak jartzen ditu kanta zehagarri horiengatik Espainiako Futbol Federazioko Diziplina Batzordeak?
Oraingoz, partida bakoitzeko 6.001 euroraino iristen ari dira zehapen-proposamenak, baina Batzordeak zenbatekoak handitu ditzake edo Klubarentzat astunagoak diren beste zehapen batzuk ezar ditzake (estadioa guztiz edo partzialki ixtea, partidak zelai neutralean jokatzea, etab.), arau-hausteak errepikatzeagatik edo Klubak horien aurrean jarduerarik ezer ez egiteagatik.
Isun horietatik zenbat ordaindu behar izan dituzte orain arte kanta zigorgarrien egiletzak identifikatutako bazkideek edo Gazte Abonodunek?
Orain arte, kopururik ez. Espainiako Futbol Federazioko Diziplina Batzordearen isunak, oso-osorik, Klubak ordaindu ditu.
Zer eskatzen zaio Athletic Clubi Diziplina Batzordeak ezartzen dizkion isunen zenbatekoa saihesteko edo murrizteko, isun horiek Klubaren ageriko interesei kalte egiten badiete?
Zehapenen zenbatekoa saihesteko edo murrizteko, Espainiako Futbol Federazioko diziplina-organoek klubei eskatzen diete beren estadioetan bidegabeko kantuen aurka aritzea, eta badaezpadako neurriak eta neurri erreaktiboak har ditzatela horiek gertatzen direnean.
Bestela, zenbatekoa nabarmen handitu daiteke eta, adierazi dugun bezala, Klubarentzat eta zaleentzat are kaltegarriagoak diren neurriak ezar daitezke, hala nola estadio guztiz edo partzialki ixtea. Beste neurrien artean, Klubak honako hauek egitea eskatzen da:
Badaezpadako neurriak:
Indarrean dagoen Diziplina Kodearen arauei buruzko informazioa formatu eta kanal fisiko eta digitaletan jakinaraztea, bai eta fair play mezuak eta errespetua ere, Klubak indarkeriaren eta jarrera arrazista, xenofobo edo intoleranteen aurka borrokatzeko duen konpromisoa erakusten dutenak.
Neurri erreaktiboak:
- Partidek irauten duten bitartean bideomarkagailuan eta megafoniaren bidez, zehatzeko kantuak bertan behera uzteko berariaz eskatzen duen iragarkia ematea.
- Arau-hausleak identifikatuz, eta hala badagokio, kanporatuz.
Klubak egiten dituen identifikazioei buruz
Nor arduratzen da kantu zigorgarrien egileak diren bazkideak edo Gazte Abonoduna identifikatzeaz?
Athletic Club bera arduratzen da, bere segurtasun pribatuaren bitartez, estadioko edozein harmailatan nabarmen kantu zigorgarriak egiten dituzten bazkideak edo Gazte Abonoduna identifikatzeaz.
Horri dagokionez, Athletic Clubek Klubaren interesen mesedetan gertatzen diren identifikazio horiek inolako gorabeherarik gabe egiteko prest dagoela jakinarazten du.
Zer egiten du Klubak kantu zigorgarrien egiletzagatik identifikatzen dituen pertsonekin?
Bazkideen kasuan, Athletic Clubek bere Estatutu Sozialetan ezarritako xedapenei jarraitzen die, eta pertsona horien nortasuna jakinarazten dio Klubeko Diziplina Batzordeari, Estatutuen 80. artikulutik 85.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera joka dezan.
Garrantzitsua da azpimarratzea Klubeko Diziplina Batzordea organo independentea dela, eta Konpromisarioen Batzarrean bozketa bidez aukeratutako kideek osatzen dutela.
Gazte Abonoaren kasuan, lehenengo kasuan kanporatze-ohartarazpena jakinarazten da. Bigarren kasuan, kanporatu egiten da.
Ertzaintzak partida egunetan jartzen dituen salaketei buruz
Zeintzuk dira Ertzaintzak partid egunetan jar ditzakeen salaketak eta nori jartzen dizkio?
Ertzaintzak partida-egunetako segurtasuna gainbegiratzen du, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta estadioaren barruan gorabeherarik sortuz gero, esku hartu ahal izango du.
Hori dela eta, beste aukera batzuen artean, Ertzaintzak txostenak eta salaketak egin ditzake, aplikatu beharreko araudia urratuz gero, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak horri buruzko espedientea ireki diezaien, bai Klubari berari, bai banakako pertsonei, bai estadioaren barrualdean zein inguruetan, kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantzia prebenitzearekin lotutako arauen eta aplikatu beharreko gainerako araudiaren arabera.
Athletic Clubek esku hartzen al du Ertzaintzak egiten dituen salaketetan?
Ez, inola ere ez. Ertzaintza Autonomia Erkidegoko polizia da, ordena publikoaren, herritarren segurtasunaren, trafikoaren, jokoen eta ikuskizunen arloko eskumen guztien titularra da, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren mende dago.
Athletic Clubek ez daki Ertzaintzak, bere eginkizunak betetzean, bazkideei edo Gazte Abonodunei jar diezazkiekeen salaketak zeintzuk diren, salbu eta kirol-esparruetara sartzeko debekuaren edo laguntzeko debekuaren zehapenean inplikatuta badaude; izan ere, kasu horretan, Klubari jakinarazten zaio zehapena, zigortutako pertsonari sartzea galarazteko.
Era berean, Athletic Clubek ezin du ordena publikoko kidegoen lana oztopatu, eta ez du horretan esku hartu behar, eta arau-haustea egiten duenaren erantzukizuna da defendatzea; era berean, adibidez, Klubak ez du esku hartu behar partida egunetan ibilgailuak behar ez den lekutan aparkatzeagatik isuna jasotzen duten bazkideen edo Gazte Abonodunaren alde.
Herri-administrazioak mekanismo egokiak ezartzen ditu herritarrek egoki iritzitako isunak errekurritzeko, Klubaren inolako parte-hartzerik gabe.
Nolanahi ere, Athletic Cluben eta herritarren betebeharra da Ertzaintzarekin elkarlanean aritzea, segurtasuna eta ordena publikoa bermatzeko.
Elkar ulertzeko bide gisa batzen gaituzten balioei buruz
Ezinbestekoa da athleticzale familia osatzen dugun kolektibo guztiok laguntzea San Mamesen egiten diren partiden esparruan ditugun eskubide eta betebeharrak ulertzeko.
Athletic Clubi kalte egiten dioten ekintza guztiak saihestu egin behar dira, nahiz eta norbait ez egon ados hirugarrenek beren eginkizunak modu legitimoan gauzatzean dituzten araudiekin.
Kluba beti saiatuko da San Mameseko giroa eta animazioa apartak izan daitezen. Edozein bazkidek edo Gazte Abonodunak nahi duen moduan animatu ahal izango du taldea, betiere gure bazkideek onartu dituzten Estatutu Sozialen defentsaren barruan eta herritar bakoitzari eragiten dioten indarreko arau, erregelamendu eta legeen barruan.
Aupa Athletic!