
Ibai, HIBCHen aurka ari den lehoia, Lezaman
Ibai, HIBCHen aurka ari den lehoia, Lezaman
Valladoliden bizi den familia zuri-gorri batean jaiotako 3 urteko haurrak gaixotasun arraro bat pairatzen du, munduan horrelako 35 kasu daude soilik
Junquera Lasagabaster familia Ibai txikiari etorkizun hobea eskaintzeko borrokan ari da. Hiru urte baino ez ditu eta HIBCH gaitza sufritzen du -3-hidroxi isobutiril-coa hidrolasaren urritasuna-, munduan 35 pertsonari bakarrik eragiten dien gaixotasun zinez arraroa. Diagnostikoa ezagutu zutenetik, gurasoek -Santosek eta Zuriñek- eta anaiek -Aimarrek eta Unaxek- haurraren bizi-baldintzak hobetzeko eta ezohikoa bezain ezezaguna den gaitzari ikusgarritasuna emateko lan egiten dute. Horretarako, "Maldita Valina" fundazioa sortu dute. Bertan, Ibaik prozesatu ezin duen aminoazido bat ardatz hartuta, dirua biltzeko, ikerketa laguntzeko, antzeko egoeran dauden beste familia batzuei ahotsa emateko eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako zainketen garrantzia azpimarratzeko.
Valladoliden bizi diren arren, Zuriñe Lasagabasterrek bere jatorri berriztarra harro aldarrikatzen du, eta Athletic Clubek azaroaren 10ean Jose Zorrilla estadiora egindako bisita aprobetxatu zuten euren ekimeari hauspoa emateko. Partidaren amaieran, autobus zuri-gorriaren bidean, Iñigo Lekueri kamisetak elkar-trukatzea planteatu zioten: Athleticekoek Maldita Valinarenengatik. Baina, egun hartan, jokalari deustuarrak bere elastikoa zelaian aldatu zuen eta ezin izan zuen bere eman. Hala ere, Zuriñek bere elkartearen jantzia berdin eman zion eta, horrekin batera, Ibairen kasuari buruzko informazioa zein materialak helarazi zizkion. Minutu batzuk geroago, autobusaren barruan, Lekue malditavalina.es webgunean sartu zen fundazioaren lana zein egitasmoa ezagutzeko. Bilbora iristean, Lekuek mezu elektroniko bat bidali zion Zuriñeri eta, ordutik, harremana mantendu dute. Horiek horrela, adibidez, talde zuri-gorriak sinatutako kamiseta eta baloia bidali ditu deustuarrak, Ibairen aldeko zozketa solidarioa egiteko.
Azkenik, familia Lezamara gonbidatu zuen. Zuriñe, Ibai eta Unax Klubaren instalazioetara joan ziren jokalari zuri-gorriek Ibairen errealitatea ezagutu zezaten, etengabeko bidelagun izaten ari diren Iñigo Lekueren eskutik. Denek, Ibai lehoi txikiaren borroka eta ahalegin erraldoia bertatik bertara ikusteko.