
“Urte bikaina osatzeko oinarriak jarri ditugu, baina lana errematatzea falta da”
“Urte bikaina osatzeko oinarriak jarri ditugu, baina lana errematatzea falta da”
Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak eta Mikel Gonzalez futboleko zuzendari nagusiak denboraldiaren lehen erdiaren balantze oso positiboa egin dute eta "Txapeldunen Liga jokatu nahi badugu, Txapeldunen Ligako San Mames bat behar dugula", adierazi dute
Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak eta Mikel Gonzalez futboleko zuzendari nagusiak denboraldiaren erdian lehen bi taldeen kirol balantzea egin dute, behin fitxaketen neguko merkatua itxita. Ebaluazio hau ekaineko azken balorazioaren aurrekoa da. Orduan futbol-urtearen argazki osoa egin daiteke eta ondorioak ateratzeko unea da. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan, "taldeak urte bikaina egiteko oinarriak jarri ditu, baina lanari amaiera ematea falta da", errepikatu du behin eta berriz presidenteak.
Agerraldiaren lehen zatian Jon Uriartek esan duenez "ilusio handia dugu, baina orain arte bezala, anbizioz eta umiltasunez lan egiten badugu bakarrik lortuko dugu erabateko arrakasta. Gene irabazleari eutsi behar zaio, eta aurrera jarraitu, gure jendearen laguntzarekin, zailtasun-uneetan. Taldeari edo Klubari ez ezik, geure buruari zaletu gisa ere dena ematea ere eskatu behar diogu. Txapeldunen Liga jokatu nahi badugu, Txapeldunen Ligako San Mames bat behar dugu".
Denboraldiari ekitean ezarritako helburua Europarako sailkapena errepikatzea eta Europa Leagueko lehen fasean aurrera egitea zen. Beraz, hasierako ebaluazioa bikaina da. "Ligan laugarren goaz, Txapeldunen Ligako postuetan. Baina, berriz diogu LaLiga dela Klubaren hazkunderako lehentasuna. Aurrerapauso handia eman dugu, behin betikoa falta da. Denok amesten dugu Txapeldunen Ligarekin San Mamesen, baina erronka handia da, oso zaila. Europa Leaguekoa adina edo gehiago.Lehen erronka final-hamaseirenetan sartzea zen, eta dagoeneko final-zortzirenetan gaude, 36 parte-hartzaileetatik puntuaziorik handiena lortuta".
Horregatik, presidenteak jokalariak eta talde teknikoa zoriondu ditu: "Emaitza handiak lortzen ari dira sakrifizio eta esfortzu izugarriarekin bi lehiaketa zorrotzetan. Orain Himalaya geratzen da San Mamesek berebiziko garrantzia izango duen txapelketan gailentzeko".
Kopari eta Superkopari dagokienez, zapore mingotsa utzi dutela aitortu du Uriartek: "Kopan CA Osasunak final-zortzirenetan kanporatu gintuen. Nahiz eta taldeak gehiago merezi partidan, hutsegiteak erabakigarriak izan ziren. Ezbehar honek azken urteotan gure txapelketa maitean egin den guztia baloratzeko balio du, 40 urte geroago titulua lortzera eraman gintuen fedea. Gure estiloari leialak izaten galdu genuen, eta horrela jarraitu behar da. Gauza bera gertatu zen Superkopan, non FC Barcelonaren aurka galdu genuen, nahiz eta neurketako hainbat fasetan aukerak izan genituen eta oso zentimetro gutxigatik bi gol baliogabetu zizkiguten".
Emakumezkoen taldeari dagokionez, irailean ezarritako helburua betetzetik gertu dagoela adierazi du, hau da, aurreko denboraldiko bosgarren postua hobetzea: "Zalantzazko hasiera baten ondoren, taldea hazten joan da txapelketan, taldean kontrastatutako jokalarien lesioekin borrokatu arren. Bosgarren postuan dago, Europarako sarbidea ematen duen hirugarren postutik hiru puntura. Pena handia izan da SD Eibarren aurkako azken porrota, baina goian amaitu nahi badugu, benetan uste badugu lehen hiru sailkatuen artean amaitzeko aukerak ditugula, etxean sendotasuna erakutsi behar dugu, une garrantzitsuenetan ez dugu hutsik egin behar. Athleticek San Mamesen FC Barcelonaren aurka eskaini zuen errendimendua lehiaketarekiko eredu izan behar da. Epe laburrean, mutilekin gertatzen den bezala, Katedralak Real Sociedad eta Real Madriden kontrako norgehiagoketan taldea bultza dezala behar dugu".
Bestalde, aitzakiarik gabeko zorigaitza, futbola iragarrezina dela kontuan hartuta, Cacereñoren aurkako kanporatzea izan zen: "Ez genuen gure maila eman, eta orainari begira gogoeta egiteko balio behar du. Beti erne egon behar dugu, aurkaria edozein dela ere".
Bere aldetik, Mikel Gonzalezek bi plantillen egoeran oinarritu du bere analisia eta azalpena, eta presidentearen ildo beretik jo du: "Denok saiatzen ari gara urte handi bat osatzen, lana osatze besterik ez zaigu geratzen. Talderik onena dugu ezarri ditugun helburuak lortzeko eta zergatik ez amestu Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukerarekin, nahiz eta erronka handia izan. Anbizio handikoak garela erakutsi dugu, pausoz pauso joan behar dugu eta hala izaten jarraitu".
Itxi berri den merkatuko mugimenduak ere azaldu ditu Gonzalezek: "Gizonezkoetan Maroan Sannadiren fitxaketa eta Peio Canalesen barne promozioa eta futbol profesionalera hiru lagapen egin dira (Alex Padilla Pumasera, Nico Serrano Real Sportingera eta Javi Marton Albacete Balompiera) eta behin betiko irteera bat (Ander Herrera Boca Juniorsera). Taldea 24 jokalarirekin geratuko da eta postu guztiak bikoiztuta ditu. Emakumezkoetan, aldiz, Maitane Vilariño, Daniela Agote eta Claudia Fernandezen barne-promozioak eta Mariana Cerroren (SD Eibar) eta Marta San Adrianen (Deportivo Alaves) lagapenak eman dira. Taldeak, gaur egun, 21 jokalari ditu jokatzeko moduan, eta beste lau lesionatuta daude".
Galderen txanda
Galderen txandan, presidenteak eta futboleko zuzendari nagusiak gaurkotasuneko hainbat gairi erantzun diete.
Joan den igandean Benito Villamarin zelaian gertatutakoaren harira, Jon Uriarte irmotasunez adierazi da: "Klubak publikoki eta pribatuan LaLigari salatu du joan den igandean Benito Vilamarinen gertatu zena. Estadio batean eta beste edozein lekutan onartezinak diren jarrerak dira. Zoritxarrez, ez dira isolatuak. Antzeko zerbait ikusi genuen duela aste batzuk Realak Valentzian jokatu zuen partida batean. Baina uste dut autokritikoak izan behar garela, gure estadioetan ere errespeturik gabeko jarrerak eta kantak sortzen baitira. Denon artean lan egin behar dugu hau futboletik kentzeko. Eskerrak eman nahi dizkiet publikoki Betisi eta bere presidenteari, Angel Harori, gurekin erakutsi duten elkartasunagatik".