"Partida zaila, ziurtasun gutxikoa eta erritmo handikoa izango da"

"Partida zaila, ziurtasun gutxikoa eta erritmo handikoa izango da"

Bihar San Mamesen izango den Girona FC taldea "iaz erakutsitako mailaren gisako aurkaria" izatea espero du entrenatzaile zuri-gorriak

Athleticek Girona FC izango du aurkari bihar San Mamesen, LaLigako 23. jardunaldiko partidan. Aurreko denboraldiko bi taldeen arteko lehiak zirraragarriak eta parekatuak izan ziren, eta Ernesto Valverdek biharko neurketak bide beretik jarraituko duela uste du: "Iaz bi norgehiagoka oso bizi jokatu genituen, etxean zein kanpoan. Bi partidak oso parekatuak izan ziren, baina, nahiz eta neurketa kontrolpean duzula iruditu, erasora irtetzeko erraztasuna duen taldea da. Jarduera horretan oso tematiak, uste duzu presioa egin diezaiekezula eta haien erasoak mugatu ditzakezula, baina sendoak eta bizkorrak dira alor horretan. Ez dute neurketa planarekin espekulatzen eta iaz erakutsitako mailarekin bat datorren aurkaria espero dut. Partida zaila, ziurtasun gutxikoa eta erritmo bizikoa izango da".

Europa Leagueko Liga Fasea aise gainditu ondoren, bigarren postuan amaitu eta txapelketako final-zortzirenetarako zuzenean sailkatu delarik, Athletic Clubek hilabete osoa emango du aste artean partidarik jokatu gabe. Otsailean LaLigan jokatzeke dauden norgehaigoken eta puntuen garrantziaz galdetuta, honako hau adierazi du entrenatzaile zuri-gorriak: "16 partida geratzen zaizkigu, hurrengo laurak etorriko direnak bezain garrantzitsuak dira. Kudeatu egin beharko ditugu, baina gure asmoa da guztiarekin puntu guztiak lortzera joatea. Gero, aurrez aurre izango ditugun taldeek zeresan handia izango dute; izan ere, iritsi da unea non talde guztiek asko dute jokoan LaLigan".

Azkenik, Ernesto Valverdek Aingeru Olabarrieta eta Endika Buján Kataluniako taldearen aurkako partidarako deialdian sartu izana aipatu nahi izan du: "Bi jokalari antzekoak dira eta, aldi berean, ezberdinak. Zelaiko eremu berean jokatzen dute gure harrobiko taldean, eta, orain, arazo bat dugu lesionatutako gure hegaleko jokalariekin. Biak maila handiko jokalariak dira, teknikoak eta golarekin harreman ona dutenak. Uste dut lagundu diezaguketela eta, norgehiagokaren uneren batean behar baditugu, jokatu egingo dute".