
Maroan Sannadik eta Endika Bujanek Athletic Clubekin debuta egin dute
Maroan Sannadik eta Endika Bujanek Athletic Clubekin debuta egin dute
Aurrelari gasteiztarra eta erdilari bilbotarra, hurrenez hurren, talde zuri-gorriarekin debut ofiziala egin duten 649. eta 650. jokalariak bilakatu dira
Maroan Sannadik eta Endika Bujanek lehen minutuak izan zituzten Athleticen lehen taldeko jokalari gisa, talde zuri-gorriak Gironaren aurka jokatu eta Ernesto Valverderen mutilek 3-0 irabazi zuten partidan. Maroan eta Bujan, orain arte Barakaldo CFn (Deportivo Alavesek utzita) eta Bilbao Athleticen (denboraldi honetan Barakaldo CF-tik fitxatuta) aritu direnak, Athletic Clubekin debut ofiziala egin duten 649. eta 650. lehoiak izan dira.
💫 Ambzioa, lana eta ilusioa.
— Athletic Club (@athletic_eus) February 9, 2025
"Oso pozik nago ametsatzat nuen unea egia bilakatu dudalako. Lanean jarraituko dut aukera gehiago izateko"
"Txikitatik nuen ametsa bete dut"
🎙️ Maroan Sannadi eta Endika Bujan.#AthleticGirona #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/h6RxhRkQyI
Aurrelari gasteiztarra duela astebete batu zen Athleticen proiektura, Alavesetik fitxatuta, Lasesarren Barakaldo CF taldearekin utzita jokatzen zuenean. Bertan, 20 partidatan 11 gol egin zituen eta, talde zuri-gorriarekin konpromisoa sinatu eta astebetera, elastiko zuri-gorriarekin estreinatu zen. 65. minutuan zelairatu zen San Mameseko berdegunera, Guruzetaren ordez, eta bere lan bikainari esker, Katedralaren lehen txaloak jaso zituen.
"Oso une berezia izan da. Denbora asko daramat une honen zain eta Klub handi honetaz gozatzen jarraitzea espero dut. Oso aske sentitu naiz, batez ere, entrenatzaileak eta taldeak eman didaten konfiantzagatik. Ematen dizkidaten aukerak aprobetxatzen saiatuko naiz taldeari laguntzen jarraitzeko. Oso dinamika onean gaude eta denboraldia amaitu arte horrela jarraitzea espero dugu".
Bestalde, Endika Bujan 83. minutuan sartu zen zelaian, Berenguerren ordez. Aurten bere lehen denboraldia Bilbao Athleticekin Lehen Federazioan jokatu arren, Bilboko erasoko erdilaria oso borrokalari eta elektriko jokatu zuen baloiarekin, eta argi utzi zuen bere bertuterik handienetakoak baloia gidatzea eta defentsak gainditzeko trebezia direla.
"Aldaketaren unea urduritasun askorekin bizi izan dut, aurreko gauetik une honetan pentsatzen aritu bainaiz. Nire bizitza osoan zehar, 22 urte hauetan, dena eman dut une hau bizitzeko. San Mamesen dagoen edonork egunen batean betetzea espero duen ametsa da hau, eta nik bizitzeko zortea izan dut. Debut hau nire aitari eskaintzen diot, han goitik ikusten izango baita".