
Athletic Club & CIC bioGune, futbola eta zientzia eskutik
Athletic Club & CIC bioGune, futbola eta zientzia eskutik
Klubak berrikuntza zientifikoaren eta inpaktu sozialaren alde egindako apustua, ikerketa biomedikoko zentro ospetsuarekin egindako aliantza batean eta kirol-errendimenduarekin eta diabetesaren prebentzioarekin lotutako bi proiekturen garapenean islatzen da
CIC bioGune, egoitza Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan duena, Europako ikerketa biomedikoko zentro ospetsuenetako bat da. “Severo Ochoa bikaintasun-zentroa” izenaz ezaguna, azpiegitura zientifiko modernoak ditu, osasunaren eta gaixotasunen prebentzioaren arloan berebiziko garrantzia duten lehen mailako adituak buru dituztenak.
CIC BioGune Athletic Cluben bidaide ezin hobea da berrikuntza zientifikoaren eta inpaktu sozialaren alde. Iñigo San Millan Errendimenduko zuzendariak gidatuko du bi erakundeen arteko elkarlana. Elkarren artean independenteak diren bi proiekturekin abiatzen den aliantza sinergikoa da, baina bizimodu osasungarria izateko funtsezko tresnatzat abangoardiako ikerkuntza eta kirolaren sustapenaren ezaugarri komunak dituzte.
Berrikuntza zientifikoa eta eragin soziala
Lehenengo proiektuaren ardatza errendimendu-biomarkatzaileak aztertzea da. Azterketa honen bidez, Klubak kalitatezko datuak lortzen ditu, harrobiko prestakuntza-lanean kirol-hobekuntza planifikatzeko. CIC bioGune, ikerkuntzan punta-puntako zentroa denez, San Millanek Lezaman zuzentzen duen Errendimendu Handiko Zentrorako interes zientifiko handiko informazio analitikoa lortzeko gai da.
Bigarren proiektuak inpaktu sozialeko elementua du, adin goiztiarretan diabetesa prebenitzea baitu helburu. Sedentarismoa gure gizartean gero eta zabalduagoa dagoen osasunaren etsaia da, eta etorkizunean izango duen eragina detektatzeko aukera ematen duen edozein azterketa aurrerapena da gizarte-ongizatean. Proiektu honetan, Lezama CIC bioGunek garatutako ikerketarako kontraste-taldea da.
Azken finean, futbola eta zientzia eskutik helduta daude, Athletic Club gidatzen duen AC Aurrera ekintza planaren berezko zerbait.
Jon Uriarteren bisita CIC bioGunera
Athletic Clubek eta CIC bioGunek lortutako akordioa dela eta, Jon Uriarte presidenteak, Iñigo San Millan eta Ignacio Urigüen batzordekidearekin batera, ikerketa zentroak Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan dituen instalazioak bisitatu ditu.
Athletic Clubeko presidenteak zuzenean egiaztatu du nola 200 zientzialari eta teknikari baino gehiagoko talde batek, 19 talde eta 6 plataforma teknologikotan antolatuta, diziplina anitzeko ikerketa aitzindaria egiten duen, Kimika, Matematika, Biologia eta Biomedikuntza helburu nagusi batekin elkartzen diren ikerketak uztartzen dituena: Doitasunezko Medikuntzan aurrera egitea gaixotasunen mekanismo molekularrak arakatuz.
Denboraldi honetatik aurrera, Athletic Clubek ere bat egiten du CIC bioGuneren zientzialari talde honekin, ikerketan bere aletxoa jartzeko eta gizartea kontzientziatzeko zientziak guztion onerako duen garrantziaz.