“Asko dugu jokoan”
Valverdek adierazi duenez, “guretzat bihar aukera paregabea da”, baina aurkariaren arriskuaz ohartarazi du, “bigarren itzulietan behean dauden taldeek beti batzen dutelako beharraren aurrean”
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du lehoiek Real Valladoliden aurka bihar 14:00etatik aurrera San Mamesen jokatuko duten neurketaren atarian: “Guretzat bihar aukera paregabea da eta gainera garaipena lortzeko unea da. Asko dugu jokoan. Argi dago arerioa minduta datorrela sailkapenean azkena delako, baina errespetatu egin behar dugu. Egia da entrenatzailea aldatu egin duela aste honetan eta neguko merkatuan ere mugimenduak izan direla bere plantillan. Orduan, partidaren prestaketa zailtzen da, zer aurkituko dugun kontuan hartuta. Puntuak ateratzen saiatu behar dute, gero eta jardunaldi gutxiago geratzen baitira. Horrek arriskutsu bihurtzen ditu. Bigarren itzulietan behean dauden taldeek beti batzen dute beharraren aurrean”.
Europa Leagueko final-zortzirenetako zozketari buruz galdetuta (Athleticek AS Romaren kontra neurtuko ditu indarrak), entrenatzaile zuri-gorriak kanporaketaren zailtasuna aitortu du: “Aurkari gogorra eta zaila da, eta jada ezagutzen dugu bertan jokatu baikenuen lehen fasean. Azken lau urteetan finalerdietara iritsi izan da gutxienez. Nazioarteko esperientzia dute bai jokalariek bai taldeak. Badakite kanporaketetan lehiatzen. Joan ginenean ere aldatu zuen teknikaria. Orain ondo doakie. Eurak ere jakitun dira San Mamesen izango den giroaz. Bi partida gogor izango dira, onak, eta lehiatu egin beharko dira. Iritsiko da dena”.
Azkenik, Valverdek Oscar De Marcosen figura goraipatu du, aurtengo denboraldia amaitzean erretiroa hartuko duela iragarri ostean. Gainera, Klubean norgehiagoka ofizial gehien dituen bigarren jokalaria izateko zorian dago: “Egin daitekeen baloraziorik onena egiten dut. Batez ere izan duen dedikazioagatik, lortu dituen arrakastengatik eta berak egunerokoan duen moduagatik. Guztiok estimatzen dugun zerbait da eta Bilbon arrazoi osoz asko estimatzen den jokalaria da. Hori esatean askatu egin dela uste dut. Azkenaldian gaiari buruz hitz egin dugu”.