Henry Arrowayk emakumezkoen lehenengo taldea jantziko du

Henry Arrowayk emakumezkoen lehenengo taldea jantziko du

30 bete dituen bilboko moda markak zelaietatik kanpo lehoiek eramango duten jantzi ofiziala diseinatu du

Henry Arroway, Bilboko moda marka, Athletic Cluben emakumezkoen lehenengo taldeak zelaietatik kanpo dituen konpromisoak janzteko hornitzaile ofiziala izango da. Kalitate handiko beroki eta lumadunen moda-erreferentzia den enpresak bilduma esklusiboa diseinatu du taldearen joan-etorrietan, ekitaldi instituzionaletan eta prentsarekiko topaketetan lagunduko diona, sofistikazioa, erosotasuna eta funtzionaltasuna uztartzen dituzten jantziak eskainiz.

Kamiseta, alkandora, jertse, txaleko, gabardina eta prakez osatutako bilduma Bilboko gertuko tailerretan egin dute, kalitate goreneko ehunekin, arintasuna, iraunkortasuna eta doikuntza bikaina bermatuz. Jantzi bakoitzak Henry Arrowayren esentzia mantentzen du, tradizioaren eta modernitatearen arteko fusio perfektua ezaugarri duena, Athletic Clubaren identitatera egokitzeari utzi gabe.

Henry Arrowayk, lehoien jarraitzaile leialak, Klubaren "Unique in the world" eslogana omentzen du; hain zuzen ere, taldearen beharretara eta testuinguruetara egokitzen den looka bilduma prestatu dute: bidai- edo erlaxatze-uneetan edota dotoreziak garrantzi handiagoa hartzen duen gala batean jokalariak eroso sentiarazteko.

Jokalariek larunbat honetan, martxoaren 8an, Granadara egingo duten bidaian estreinatuko dute jantzi berri hau.

Lankidetza horrek balio berberak elkartzen dituen Bilboko talentuaren bi adierazle handi batzen ditu. Athletic Clubek, pasioaren, ahaleginaren eta tradizioaren ikur den taldeak, bat egiten du Henry Arrowayrekin, Bilbon modan 30 urteko historia duen markarekin, jantzi moldakor eta sofistikatuak egitearen maisutasunagatik aintzatetsia dagoenarekin.

Lander Arroyabek, Henry Arrowayren CEOak, aliantza honen aldeko poza adierazi du: "Guretzat ohorea da Athletic Cluben emakumezkoen taldea janztea, erabat identifikatzen garen baloreak irudikatzen dituen taldea baita: esfortzua, konpromisoa eta egiten dutenarekiko grina".

Daniel Arroyabek, enpresako COO-ak, berriz, honakoa esan du: "Henry Arrowayn, modak estiloa ez ezik, funtzionaltasuna eta erosotasuna ere ekarri behar dituela uste dugu. Taldearen nortasuna indartuko duen bilduma landu dugu, jokalariak seguru sentiaraziko dituena, gala batean zein bidaia batean edota funtsezko neurketa baten aurretik".