
"Mallorcaz soilik arduratzen gara, eta ez dugu beste ezertan pentsatzen"
"Mallorcaz soilik arduratzen gara, eta ez dugu beste ezertan pentsatzen"
Ernesto Valverde "dinamika onean eta aste osoan zehar biharko partidan fokua jarrita" duen talde balearraren aurkako neurketan du burua
Entrenatzaile zuri-gorriak Athletic Clubek eta RCD Mallorcak LaLigako 27. jardunaldia jokatu aurretik komunikabideak artatu ditu Lezamako prentsa aretoan. Azken minutuan AS Romaren aurkako Europa Leagueko final-zortzirenetako joaneko neurketan jasandako kolpe latzaren ondoren, Ernesto Valverdek pasarte hura atzean utzi eta anbizio handienarekin egin nahi dio aurre biharko norgehiagokari: "Taldea ondo dago. Biharkoa partida berri bat izango da. Ostegunean oso partida lehiatua jokatu genuen eta guztiok dakigun bezala erabaki zen. Itzulera ostegunean jokatuko dugu, baina horren aurretik, RCD Mallorcaren aurkako neurketa izango dugu. Gauza garrantzitsuak ere baditugu jokoan; hain zuzen ere, egun sailkapenean dugun gure posizioari eustea, eta zaila izango da. Daukagun denbora honetan, ondo bideratu beharko dugu lehiaren fokua. Mallorcaz soilik arduratzen gara eta ez dugu beste ezertan pentsatzen".
San Mamesek azken boladan talde zuri-gorriri ondo aurre egin dion talde balearra jasoko du. Horregatik, eta Athletic Clubek txapelketa erregularrean dituen asmo eta helburuengatik, Valverdek oso serio hartzen ditu jokoan jarriko diren hiru puntuak: "Europarako txartela ematen duten posizioengatik borrokan ari den taldea da. Dinamika onean daude eta aste osoan zehar biharko neurketa prestatzen izan dira. Energia handia beharko dugu aurre egiteko. Normalean mendean hartzea kostatzen zaigun taldea da. Azkenaldian, berdinketa asko eta gol gutxiko partidak kateatu ditugu, eta bihar antzekoa izango dela uste dut. Gauza asko ditugu jokoan Ligan. Lehiaketako edozein aurkariri irabaztea zaila da eta, bihar horixe lortu nahi badugu, gure bertsiorik onena atera beharko dugu".