III Euskal Non-League Day oinarri-futboleko 93 zelaitan

III Euskal Non-League Day oinarri-futboleko 93 zelaitan

#DenaHastenDenLekuan leloarekin, Athletic Club Fundazioak formakuntza-futbola aitortu, ikusarazi eta babesteko urtero antolatzen duen jaia asteburu honetan ospatuko da Euskal Herri osoan zehar

Euskal Non-league Day jaialdiaren hirugarren edizioa asteburu honetan ospatuko da Euskal Herri osoko 93 hitzartutako klubeko zelaietan. #DenaHastenDenLekuan lelopean, Athletic Clubek zale zuri-gorri guztiak animatzen ditu larunbat eta igande honetan bere auzoko edo udalerriko taldeen partidetara joan daitezen eta oinarri-futbolaren jaiarekin bat egin dezaten.

Athleticentzat funtsezkoa da hitzartutako klubek ordezkatzen duten futbol hezitzailearen balio soziala onartzea. Asteburu honetan geldialdia izango da gizonezkoen LaLigan, eta, beraz, aukera ezin hobea da profesionalak ez diren klubek parte hartzen duten komunitatearen alde egiten duten kirol- eta gizarte-lana aitortua izan dezaten.

Parte hartu duten klubak buru-belarri aritu dira Euskal Non-League Day ekitaldiaren hirugarren edizioan, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte euren partiden inguruan. Hala, ez dira gutxi bazkari herrikoiak programatu dituzten klubak, pintxoak saltzeko karpak jarri dituztenak, harmailak apaindu dituztenak edo puzgarriak edo jolasguneak muntatu dituztenak jaia ahalik eta familiarrena izan dadin.

Non-League Day partida bakoitzean, zozketa erakargarriak

Gainera, gogoratu behar da Non-League Day hitzartutako kluben partidetara joaten diren zaleek txartelak erosteko aukera izango dutela, Athletic Clubek oinarri-futbolaren alde antolatu dituen zozketetan parte hartzeko.

Zehazki, hauek dira III. Euskal Non-League Day dela-eta zozketatuko diren lau sariak (hiru sari orokor eta hitzartutako klub partehartzaile bakoitzeko sari bat):

  • Sarrera bikoitza, bidaia eta egonaldia bi lagunentzat, gizonezkoen lehen taldearekin batera, LaLigako partida batera, etxetik kanpo. Hitzartutako klub partehartzaileen artean zozketatzen den lehen sari orokorra.
  • Players Zone VIPentzat sarrera bikoitza LaLigako partida batean San Mamesen. Taldeen aulkien ondoan kokatutako VIP eserlekuak eta estadioko VIP eraztunerako sarrera barne, partida hasi baino ordu eta erdi lehenagotik. Hitzartutako klub partehartzaileen artean zozketatzen den bigarren sari orokorra.
  • Bi lagunentzako sarrera emakumezkoen lehen taldearen entrenamendu batera eta bisita gidatua Lezamako instalazioetara. Hitzartutako klub partehartzaileen artean zozketatzen den hirugarren sari orokorra.
  • LaLigako partida baterako sarrera bikoitzak San Mamesen. Asteburu honetan zozketatuko dira modu independentean parte hartuko duten hitzartutako klub partehartzaileen zelai bakotzean. Zozketa partiden atsedenaldian egingo da, txartel-sorta bakoitzari dagozkion zenbakien zerrenda bakarrik kontuan hartuta, hitzartutako klub bakoitzak bere zozketa propioa egin ahal izateko.