
“Etxeko garaipenak berreskuratzeko betebeharra dugu”
“Etxeko garaipenak berreskuratzeko betebeharra dugu”
Txapeldunen Ligako postua lortzeko lehian bete-betean sartuta dagoen Athleticek Depor hartuko du bihar Lezaman (12:00etan, GOLA eta DAZN)
Lehoiek, txapelketaren azken txanpan murgilduta, Deportivo Abancaren aurka jokatuko dute bihar Liga F-ko 24. jardunaldiari dagokion neurketan. Hirugarren postutik puntu batera, Athleticek garaipenaren bidera itzuli nahi du; izan ere, pasa den urtetik ez du Lezaman irabazten, nahiz eta etxetik kanpo bolada paregabean dagoen taldea. "Gogoa dugu, bi partida daramatzagu Lezaman irabazi gabe eta geldialdia dator. Garaipen batekin joan nahi dugu", esan du David Aznarrek biharko lehiaren aurreko prentsaurrekoan.
Taldeak etxean duen irudi horren inguruan galdetuta, teknikariak honako iritzi hau eman du: "Etxean protagonistagoak izatera behartzen gaituzte, eta taldeak normalean baino atzerago itxaroten gaituzte. Iaz irabazi genuen errespetuaren isla da hori. Lezamara zelai zaila dela jakinda etortzen dira, eta badakite ezin direla gehiegi azaldu".
Depor, gogorra defentsan eta arriskutsua kontraerasoan
Talde galiziarra jeitsiera postuekiko distantzia aldentzeko punturen bat urratzeko asmoarekin etorriko da Bilbora. "Asko hobetu dute defentsan. Ondo babesten dira, eta etekin handia ateratzen diote trantsizioei. Coruñan sufritu egin genuen", gogoarazi du Davidek. Coruñakoek joko konbinatibo apur bat galdu dute, baina jokalari arriskutsuak dituzte aurreladean. Gainera, norgehiagokaren gidoiari dagokionez, "baloiaren jabetza guk izatea nahiago izango dutela" uste du, "baina baloiak galtzearen aurrean ondo babestu beharko gara eta aurkariaren arean min handiagoa egin beharko dugu. Motibazioa oso handia da, oso kontzentratuta gaude eta oso energia positiboa daukagu".
Liga F-k bi hilabete ditu aurretik eta Aznarrentzat "partida guztiak finalak dira, talde guztiek gauzak baitituzte jokoan. Kanpoan hirunaka ari gara puntuak lortzen. Baina etxeko garaipenak berreskuratu behar ditugu Txapeldunen Ligako postu horiengatik borrokatu nahi badugu. Emaitzak oso estuak izaten ari dira eta, zazpi jardunaldiren faltan, ez dago talde errazik. Aurten liga oso parekatua izaten ari da eta taldeari dagokion meritua eman behar zaio. Erregulartasuna lortu dugu eta hain talde gaztea izanda ere, ez ditugu bi partida jarraian galdu".
Teknikari zuri-gorriak, azkenik, Granada FC-k eta Realak hirugarren postua lortu nahi izatearen ideia uxatu nahi izan du. "Biren arteko gerra izatea nahi dugu; gurea eta Atletico Madridena. Haien aurkako partidara bizirik eta aukera matematikoekin iritsi nahi dugu", esan du. Lehia hori egutegiko 28. jardunaldiari dagokiona izango da.