Sergio Navarrok ez du Athleticen jarraituko denboraldia bukatzean

Sergio Navarrok ez du Athleticen jarraituko denboraldia bukatzean

Lezamako zuzendariak Klubari jakinarazi dio, arrazoi familiarrak direla medio, ez duela bere karguan jarraituko ekainetik aurrera: “Athleticetik joateko erabakia hartzea oso zaila izan da, eta are zailagoa lana bere fruituak ematen ari denean”

Sergio Navarrok, Lezamako zuzendariak, Athletic Clubi jakinarazi dio, arrazoi familiarrak tarteko, ez duela karguan jarraituko denboraldia amaitzean. Hori dela eta, Lezamako zuzendari lanetan hiru urteko zikloa beteko du, prestakuntza lan goraipagarria eta profesional eta giza arrasto nabarmena utziz.

2022/23 denboraldiaren hasieran Athletic Cluben sartu zenetik, Sergio Navarrok, gainerako lantaldearekin batera, jokalarien prestakuntza osorako eredu bat ezarri eta garatu du, prozesuaren erdigunean jarriz, prestakuntza akademikoa, pertsonala, garapen mental eta psikologikoa eta kirol errendimendu goreneko garapena modu integralean landuz.

Bere metodologiaren ondorioz, hiru urte hauetan entrenatzaileen lana zabaldu eta profesionalizatu egin da, garapen prozesuak hobetu dira plan pertsonalizatuekin, lehen talde zuri-gorrietarako futbolariak prestatzeko helburua hurbildu du eta Lezama munduko futboleko harrobi handienetako bat bezala indartu du.

Ziklo honetan, debutarien kopuruak eta egitura profesionaletan jokatzen ari diren jokalarien kopuruak babestu dute lana.

“Athleticetik joateko erabakia hartzea oso zaila izan da, eta are zailagoa lana bere fruituak ematen ari denean. Nire ibilbide profesionaleko erabakirik zailena izan da. Betebeharraren sentsazioarekin ez ezik, klub bakar honi esker esperientzia profesional eta emozional ikaragarria, benetan aberasgarria, bizi izanaren ziurtasunarekin ere joango naiz. Hiru urte hauetan oso lagundua sentitu naiz, eta nire lankide guztiei eskerrak eman nahi dizkiet denbora honetan guztian emandako laguntzagatik eta egindako lanagatik, zorte handia izan dut esperientzia hau beraiekin partekatzeagatik”, adierazi du Sergio Navarrok Klubari egindako adierazpenetan.

Hemendik denboraldiaren amaierara arte, Sergio Navarrok orain arte Harrobiko zuzendari lanetan garatu dituen funtzio berak betetzen jarraituko du.

Athletic Clubek eskerrak eman nahi dizkio publikoki Sergio Navarrori bere dedikazio eta ahalegin bikainagatik, baita hurrengo denboraldietan zorterik onena opa ere.