Ezagutu Rangers FC, Europa Leagueko final-laurdenetako Athletic Cluben aurkaria

Ezagutu Rangers FC, Europa Leagueko final-laurdenetako Athletic Cluben aurkaria

Finalerdietarako txartela eskuratzeko helburuarekin, lehoiak eta eskoziarrak nor baino nor gehiago lehiatuko dira

Ostegunetik aurrera, Athletic Clubek europako kanporaketa zirraragarri berri bati aurre egin beharko dio. Bilbok maiatzaren 21ean hartuko duen final handiaren atarian, talde zuri-gorriak UEFA Europa Leagueko 2024/25 finalerdietara sailkatzeko Rangers FC taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. Joanekoa aste honetan bertan izango da, Glasgown, eta itzulerakoa datorren astean, San Mamesen.

 

Aurkaria

Rangersek final-zortzirenetan Fenerbahçe SK taldea penaltietan gainditu eta ligako fasea zortzigarren postuan bukatu ondoren ekingo dio talde zuri-gorrien aurkako kanporaketari. Athleticen antzera, talde eskoziarrak ere ez zuen final-hamaseirenetako kanporaketa jokatu; izan ere, txapelketako lehen fase borrokatu baten ostean, lehen kanporaketa hori aurrezteko pribilegioa lortu zuen azken taldea izan zen.

1872ko martxoan sortua, Eskoziako laugarren klub zaharrena da eta "The Gers", "The Light Blues" edo "The Teddy Bears" ezizena du. West End Parkeko (gaur egun Kelvingrove Parkeko) Glasgow inguruan sortu zen. Bere uniformea "Royal Blue" kolorekoa da, Erresuma Batuko Errege Etxearekiko eta Erresuma Batuarekiko duen atxikimenduaren sinboloa. Historian zehar hainbat armarri izan dituen arren, beti izan du «lehoi zutitua», kultura judeokristauaren ikur gisa; bi armarri ofizial ditu, bata kamisetan janzten eta bestea komunikazio ofizialetan erabiltzen duena. Futbolaren historian titulu gehien lortu dituen klubetakoa da; batez ere, Eskozian bertan erdietsi dituen horiei esker. Guztien artean, 55 Liga, 34 Kopa eta 28 Ligako Kopa baitaude. Gainera, 1972ko Errekopa altxatu zuen eta bi aldiz izan zen txapelketa horretako txapeldunorde eta beste hainbatetan XXI. mendeko UEFA Europa League txapelketan (2008 eta 2022). Celtic FC taldearekin duen lehia munduko futbol, gizarte eta politika mailako handienetakoa da, tradizioz Old Firm bezala ezagutzen den lehia. Finantza-krisi batek kluba kolapso ekonomikora eraman zuen 2012an, bere egitura zaharra desegin eta berria sortu zuelarik. Krisiaren ondorioz, lau kategoria jaistera behartu zituzten eta, hiru igoeren ondoren, Glasgow Rangers 2016/17 denboraldian Lehen Mailara itzuli zen.

1899an inauguratutako Ibrox Stadiumean jokatuzen ditu norgehiagokak. Gaur egun, 51.700 ikuslerentzako lekua du eta UEFAren ustez lau izarreko zelaia da. Han bi tragedia handi gertatu dira. 1902koa eta 1971koa. Lehenengoan, 25 jarraitzaile hil ziren tribunetako baten kolapsoaren ondorioz, eta bigarrenean beste 66 hil ziren, gehienak itota eta zapalduta. Estatua batek estadioaren inguruko biktimak gogoratzen ditu.

Bilbotarrek eta eskoziarrek elkarren aurka 1968/69 Ferien Kopako final-laurdenetan jokatu zuten. Nahiz eta lehoiek Katedralean 2-0 irabazi, ez zen nahikoa izan joaneko partidaren 4-1eko markagailua iraultzeko. Halaber, biek lagunarteko bat jokatu zuten 1974/75 sasoiaren denboraldiaurrean FC Barcelonaren Estadin eta talde urdinaren aldeko 1-0eko emaitzarekin amaitu zen.

 

Datu interesgarrienak

Entrenatzailea: Barry Fergusonek (47) otsailean hartu zuen kargua, Neil McCann, Billy Dodds eta Allan McGregor bezalako jokalari ohiekin batera, Philippe Clementek kargua utzi ostean. Futbolari zen garaian 1996/97 denboraldian debutatu zuen lehen taldearekin eta Dick Advocaaten garaian hamaikakoan finkatu zen. 2003an Blackburn Rovers taldearekin sinatu zuen 8 milioi euroren truke eta Graeme Sounessek taldeko kapitain izendatu zuen, baina bi urte geroago Rangersera itzuli zen eta UEFA Europa Leagueko finala jokatu zuen 2008an.

45 partida jokatu zituen Eskoziako selekzioarekin, baina 2009an taldetik kanpo utzi zuten, diziplinarik gabeko bi jokabideren ostean. 2009an Birmingham Cityk fitxatu zuen, non bi denboralditan zehar hasierako hamaikakoan finkatu zen, eta bere azken urteak Blackpool, Fleetwood Town eta Clyde bezalako taldeetan eman zituen. Ondoren, Kelty Hearts eta Alloa Athletic zuzendu zituen.
 
Jokalari aipagarrienak: Rangerseko plantillan John Souttar eta Liam Kelly eskoziar internazionalak nabarmentzen dira, baita Jack Butland (duela zenbait urte Ingalaterrako selekzioarekin hautatua izan zena), James Tavernier (kapitaina), Robin Propper (Eredivisie-n eskarmentu handia duena) edo Leon Balogun (Nigeriako nazioarteko jokalari ohia eta Mainz, Fortuna Dusseldorf edo Werder Bremen taldeko jokalari ohia) bezalako beteranoak ere. Atzerriko jokalarien artean Yilmaz (Turkia), Oscar Cortes (Kolonbia), Ianis Hagi (Errumania), Cyriel Dessers (Nigeria), Mohamed Diomande (Boli Kosta), Tom Lawrence (Gales), Bajrami (Albania), Vaclav Cerny (Txekiar Errepublika), Hamza Igamane (Maroko) edo Ross McCausland (Ipar Irlanda) nabarmentzen dira.

 

Ordutegiak eta non ikusi Athletic Club - Rangers FC neurketa

Athletic Clubek eta Rangers FC-k Europa Leagueko final-laurdenetako kanporaketa datozen bi ostegunean, apirilaren 10ean eta 17an, 21:00etan, Ibrox Parken eta San Mamesen, jokatuko dute, hurrenez hurren. Bi partidak Movistar + Txapeldunen Ligaren bidez eskainiko dira.

Norgehiagokak gure kanal ofizialen bidez ere jarrai ditzakezu, harpidetuta nahi izanez gero, golen, partidaren hasieraren, atsedenaren eta amaieraren berri izateko, gure app ofizialaren bidez edo webgune ofizialaren eta sare sozialen bidez: