
Txapeldunen Liga eta salbazioa, jokoan Lezaman
Txapeldunen Liga eta salbazioa, jokoan Lezaman
Athleticek jaitsiera postuetatik puntu bat gorago dagoen Levante UD hartuko du igande honetan, 16:00etatik aurrera
Bost partida besterik ez dira falta 2024-2025 denboraldiko Liga F txapelketa amaitu dadin eta Athletic ohorezko postuetan kokatuta jarraitzen du sailkapenean. Igande honetan, Lezaman jokatuko duen Ligako azken partidetako batean, hitzordura ordu txikietan iritsiko den Levante UD taldearen bisita jasoko du. Lehia hau emakumezkoen futboleko klasiko bat da eta 51. aldia izango da lehoiek eta granotek indarrak neurtuko dituztela partida ofizialean. Talde zuri-gorriak puntu bakarrera du datorren urtean Txapeldunen Ligan lehiatzeko aukera ematen duen hirugarren postua. Valentziako taldeak, bestalde, Betisek markatutako jaitsiera baino puntu bat gorago jarraitzen du.
Denboraldi mugitua Levante UD-rena
Levante UD taldeak oso denboraldi zaila darama. Iaz, valentziarrek laugarren bukatu zuten denboraldia, 60 punturekin, Athleticek baino zazpi gehiagorekin. Hala ere, gizonezkoen taldearen duela bi urteko jaitsierak eta Klubaren krisiak egoera zaila utzi zuten emakumezkoen artean. Mayra Ramirezek 2024ko urtarrilean utzi zuen Kluba eta joan den udan irteerak pilatu egin ziren: Alba Redondo, Gabi Nunes, Silvia Lloris, Athleticen gaur egun dagoen Leire Baños bera, Antonia Silva, Paula Tomás, Maria Mendez, Maria Valenzuela, Nuria Mendoza...
Futbolarien irteerarekin batera, teknikariarena ere eman zen. Sanchez Vera Donostiarantz jo zuen, eta Roger Lamesa Granadako entrenatzaile ohiak hartu zuen talde eraberritu baten agintea. Hala ere, emaitza txarrek urtarrilean kargugabetzea eragin zuten. Angel Sainz da ordutik Estatuko futboleko klasiko baten egoera bideratzeko arduraduna.
Taldeak hobekuntza itxura eman du, Barçari Johanen Cruyff Estadin irabazi zion otsailean, baina azken bi jardunaldietan galdu egin du, eta Bilbora jaitsiera postuak markatzen dituen Betisek baino puntu bat gehiagorekin iritsiko da.
Athletic, presio positiboarekin denboraldiaren azken txanpan
Bestelako egoera bizi du Athletic Clubek, Atletico Madridek puntu bakarrera duen hirugarren postua gertu baitu. Bost jardunaldiren faltan, horietako hiru etxean jokatuko dira (horietako bat San Mamesen, apirilaren 27an, UDCA Teneriferen aurka). Azken txanpa honetako lehenengoak Levanteren aurka neurtuko ditu indarrak eta hirugarren garaipena jarraian lortzeko aukera izango dute, Badalonan eta etxean Deporren aurka erdietsitakoen ostean.
Zuri-gorriak hilabete osoa daramate sailkapeneko laugarren postuan, Granada CF taldea den bosgarrenetik urrun, zortzi puntura. Bigarren itzuli bikaina egiten ari dira (Real Madridek eta FC Barcelonak baino ez dute hobetzen) eta ikasturte honetan, aurreko denboraldian ez bezala, hirugarren bisitari onenak izan dira, lehen bi sailkatuen atzetik.
Joan den asteko geldialdi biziberritzailearen ondoren, eta San Mamesera Europako borroka bizirik dagoelarik itzultzeko ilusioarekin, Athleticek ezin du etxean estropezurik egin.