"Asko dugu jokoan eta polita da guztiontzat"

"Asko dugu jokoan eta polita da guztiontzat"

UD Las Palmasen aurkako partidaren garrantziaz jabetuta, Valverdek azpimarratu du "partida hau guztiz funtsezkoa" dela

Entrenatzaile zuri-gorriak komunikabideen galderei erantzun die Lezamako prentsa aretoan Athletic Clubek eta UD Las Palmas taldeak LaLigako 33. jardunaldia jokatu aurretik. Ernesto Valverdek adierazi duenez, taldea gogotsu dago denboraldiaren azken txanpari aurre egiteko: "Egia da partida hau oso azkar datorrela eta, ondoren, astebete dugula finalerdiaren joanekoa prestatzeko. Geratzen den guztia erabakigarria da, eta ditugun helburuak politak direnean, horrek beti ematen dizu azken txanpari aurre egiteko behar duzun freskotasun puntua".

Aurkariari dagokionez, Athleticeko entrenatzaileak azpimarratu du "eurak bi partida jarraian irabazi eta jaitsieratik atera dira. Orain sei partida geratzen dira, irabazten edo galtzen den puntu bakoitza erabakigarria da. Eta, jakina, irabaztera etorriko dira. Guretzat biharko partida funtsezkoa da, gero partida asko jarraian etortzen direlako. Etxean jokatzen dugu eta hiru puntuak behar ditugu ".

LaLigan laugarren postua lortzeko lehiari dagokionez, entrenatzaile zuri-gorriak honako hau azpimarratu du: "Lehenbailehen ziurtatu nahi dugu datorren urterako Europan izango dugun parte-hartzea. Behin Europako helburua betetzerakoan, haratago begiratu nahi dugu, baina egiten dituzun kontuak egiten dituzunean emaitza bera ateratzen da beti, irabazi egin behar da. Horregatik diot biharko partida garrantzitsua dela, puntuen ikuspegitik asko ematen digulako eta animoaren ikuspegitik ere asko suposatzen duelako. Edonondik atera behar da indarra, asko daukagulako jokoan eta oso polita delako guztiontzat ".