Aterpe, kiroleko indarkeriari buruzko foro nazional batean

Aterpe, kiroleko indarkeriari buruzko foro nazional batean

Rocío Ybarra kirolean haurren aurkako indarkeria prebenitzeko jardunbide egokiei buruzko mahaian parte hartu zuen

Joan den apirilaren 24an, Athletic Cluben Aterpe programak "Kiroleko indarkeria: kirolariaren ongizate integrala" foroan parte hartu zuen. Ekimen horren ardatza kirol-eremuko indarkeriari aurre egiteko irtenbide praktikoak eskaintzea eta kirolarien ongizatea sustatzea da.

Topaketa kirolean indarkeria prebenitzeko Erakundeen Sare Nazionala sortzeari begira egin zen, eta hiru mahai-ingurutan egituratu zen: Erakundeek indarkeriaren prebentzioan duten erantzukizuna, Kirolean haurren aurkako indarkeria prebenitzeko jardunbide egokiak eta Kirolariaren ongizatea.

Rocío Ybarra, Aterpe programaren arduraduna, hizlari izan zen haurren babesari buruzko mahaian, eta Athletic Clubek kirol-jardueretan eta adingabeek parte hartzen duten ekitaldietan protokoloak eta prebentzio-neurriak ezartzen izandako esperientzia partekatu zuen.

Foroan, gainera, LaLiga Fundazioa, Futbol Mas Fundazioa, Kunina eta Zain erakundeek parte hartu zuten, kirol seguruago, errespetuzkoago eta babesleago baten aldeko hausnarketarako eta konpromiso kolektiborako gunean.