
Athleticek 2026ra arte luzatu du Maite Zubietaren kontratua
Athleticek 2026ra arte luzatu du Maite Zubietaren kontratua
Klubak aurreko berritzean adostutako klausula gauzatu du bere lotura beste denboraldi batez luzatzeko
Maite Zubietak Athletic Clubeko jokalari izaten jarraituko du gutxienez beste denboraldi batez, 2026ko ekainaren 30era arte. 2023an adostutako klausula gauzatu da eta honela 20 urteko Busturiako internazionalaren kontratua luzatu da.
Zubieta erdiko atzelari zein erdilari gisa aritu daiteke, eta Klubera iritsi zenetik etengabe hazten ari den futbolaria da. Lehen taldearekin 2022ko abenduan egin zuen debuta eta, ordutik, 75 partida ofizial jokatu ditu elastiko zuri-gorriarekin.
Denboraldi honetan, 25 neurketatan parte hartu du, guztiak titular gisa, eta dagoeneko 2.000 minutu baino gehiago jokatu ditu. Gainera, denboraldi honetan bere lehen gola egin du zuri-gorri gisa, falta jaurtiketa eder batekin Riazorren.
Harrobiko jokalaria ohikoa izan da Espainiako selekzio absolutuaren azken hitzorduetan. Kadete mailan iritsi zen Lezamara, eta ordutik filialetan trebatzen joan da, gaur egun Lehen Mailan finkatu arte.