
Manchesterrera bidaiatuko duten athleticzaleentzako informazioa
Manchesterrera bidaiatuko duten athleticzaleentzako informazioa
Zale zuri-gorrientzako topagunea Shambles Square izango da
Athletic Club ez da bakarrik egongo Manchesterren kanporakeyako markagailuari buelta emateko ahaleginean. Zale zuri-gorrien 3.000 ordezkari baino gehiago izango dira Uniteden aurkako partidan, ostegunean, maiatzak 8, Old Trafforden 21:00etan.
Manchesterreko agintariek Shambles Square gomendatu dute Ingalaterrara joango diren athleticzaleen topagune bezala. Bertan jatetxeak, tabernak eta merkataritza-guneak daude.
Handik Old Traffordera joateko modurik onena Exchange Square geltokian tranbia hartzea da, Shambles Square ondoan, Trafford Bar-era noranzkoan. Ibilbidearen gutxi gorabeherako iraupena 15 minutukoa da. Tranbia-zerbitzua estadiora joateko nahiz itzultzeko egongo da erabilgarri.
Athleticzaleak E30 atetik sartuko dira zelaira, hego-ekialdeko kornerrean kokatua dagoena. Tornuak partida hasi baino bi ordu lehenago irekiko dira. Barrura sartzeko, sarrera begiz egiaztatuko da, miaketak egingo dira eta sarrera tornuan bertan irakurriko da.
Manchester Unitedek estadioaren barruan megafonoak, bonboak eta bandera-makilak erabiltzea debekatuta dagoela jakinarazi dio Athletic Clubi.
Gainera, ezin izango da eremura sartu tamaina handiko objektuekin, tolesgarriak ez diren aterkiekin, motxila handiekin (gehienez 20 cm x 15 cm x 5 cm), objektu sukoiekin (alkohola, bengalak edo segurtasunak ikusleen segurtasunari eragin diezaiokeen edozein elementu).