Denboraldi bikain baten agurra Lezaman

Denboraldi bikain baten agurra Lezaman

Igande honetan, 12:00etatik aurrera, Athletic Clubek RCD Espanyolen aurka jokatuko du, etxean azken aldiz

Denboraldia amaitzen ari da eta azken aurreko jardunaldia, hogeita bederatzigarrena, hurbiltzen doa. Lehoiek etxean jokatuko duten azken partida izango da eta Marta Unzue eta Itsaso Mirandaren agurra zale zuri-gorrien aurrean. Urte bikainaren ostean, laugarren postua defendatzea tokatzen da, hirugarrena oso zaila baitago 4 puntura, kontrako averagearekin. Izan ere, Athletic Clubek galdu egin zuen joan den igandean Alcala de Henaresen jokatu zuen partidan. Lehoiek 1-0 galdu zuten Atletico de Madriden aurka eta zapore mingotza utzi zuen emaitza ona David Aznarrek aulkitik zuzentzen duen taldean.

Hala eta guztiz ere liga ez da amaitu eta sei puntu geratzen dira jokoan. Granada CF oso indartsu dator atzetik (45 puntu) eta matematikoki zuri-gorriek defendatuko nahi duten laugarren postua ere lor dezake (48 puntu). Horrek, aurten Superkopa jokatzeko saria izango luke. Horregatik guztiagatik, eta batez ere etxean garaipena lortzeagatik, Athletic Clubeko futbolariek partida bikaina eskaini nahi dute RCD Espanyolen aurka igande honetan Lezaman.

Talde perikoak 29 puntu ditu eta sei puntura du jaitsiera postuak markatzen dituen Real Betis 23 punturekin. Beraz, katalanek ia matematikoki dute bermatua salbazioa. Jardunaldi honetako Real Betis – FC Barcelona partidaren emaitzaren zain egon beharko dute, eta ondoren Sant Adrià del Besòsen dagoeneko maila galduta izan dezakeen talde andaluziar berdearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Gauzak horrela, ez dago erlaxatzerik egutegiak txapelketa amaitzear dagoela eta indarrak justu daudela esan arren. Joaneko neurketan, Athleticek 1-2 irabazi zuen azken txanpan Clara Pinedok sartutako gol ederrari esker.

Agurrak eta esker onak

Bestalde, igandeko hitzorduak Athletic utziko duten bi jokalari agurtzeko balioko du. Itsaso Mirandak azken minutuak jokatzeko aukera izango du berdegunean, eta Marta Unzuek belauneko errekuperazio luze baten ostean harmailen maitasuna jasoko du. Erdilari nafarrak zazpi urteko ibilbidea itxi du Klub zuri-gorrian.

Etxeko azken lehia beti da berezia emozio ugari bizitzen baitira. Zaleei eskerrak emateko unea ere bada, eta gogoratu beharra dago ere Klubaren historian lehen aldiz emakumezkoen taldeak San Mamesen lau partida jokatu dituela. Aurreko denboraldian baino hobeto buka daiteke eta familian ospatzeko eta agurtzeko unea dugu.