"Denboraldia harrotasun sentsazioarekin amaitu nahi dugu"

"Denboraldia harrotasun sentsazioarekin amaitu nahi dugu"

David Aznarrek RCD Espanyolen aurkako norgehiagoka "polita eta berezia" izango dela uste du

Lezaman jokatuko den denboraldi honetako azken lehia izango da igandekoa. Athletic Clubek, ordutegi bateratuan, 12:00etan, RCD Espanyolen bisita jasoko du. Teknikari zuri-gorriak Atletico Madriden aurkako porrota gogoratu du komunikabideen aurrean emandako prentsaurrekoan. "Xehetasunek markatzen dute aldea", esan du Davidek, eta bere taldeak hitzordu zorrotz batean erakutsi zuen nortasunak harro utzi zuela gaineratu du, "neurketa horretatik asko ikasi behar dugu".

Alcalako hitzorduko jokaldi polemikoren bati buruz galdetuta, entrenatzaileak adierazi du "tresnak hobetu" behar direla, "epaileek erabaki onenak har ditzaten".

Igande honetan izango da lehoiez gozatzeko azken aukera. "Jendea etortzera gonbidatzen dugu. Aurten gehiago kostatu zaigu etxean irabazteak eta gure jendeari garaipen bat eskaini nahi diogu. Ez ginateke ezer izango haiek gabe. Espero dezagun talde honekin eta denboraldi honekin ilusionatu izana", esan du Davidek. Gainera, Itsaso Mirandaren eta Marta Unzueren agurrak izango direnez, neurketa "polita eta berezia" izango dela uste du. Erdilari nafarraren kasuan, Aznarrek deitoratu du honen agurra jokalari gisa, berdegunean, ez ematea.

Neke mentala ugaritzen

Bestalde, aitortu du taldearen neke mentalak ere aztarna utzi duela denboraldian zehar. "Azken jardunaldira arte gauzak borrokatzen egoteak eskakizun emozionala eta estresa ere sorrarazten du, eta horrek amaierara nekatuagoak egotera eraman gaitu", azaldu du. Hala ere, Talaverakoak taldeak hurrengo denboraldian Superkopa jokatzeko txartela emango liokeen laugarren postua ziurtatzea espero du .

Horretarako, RCD Espanyoli irabazi beharko dio Lezaman. "Sara Monfortek meritu handia du kontrastatu gabeko jokalari asko dituen talde bati etekina ateratzean. Ia salbatuta daude. Talde sendoa da, ordenatua, eta kosta egiten da gola egitea. Liga F-n oso zaila da irabaztea; beraz, gure bertsiorik onena ematen saiatuko gara", esan du talde kataluniarraren entrenatzailearen inguruan.

Amaitzeko, David Aznarrek azpimarratu duenez, "ez dugu nahi denboraldia porrot edo desilusio sentsazio batekin bukatu Txapeldunen Ligan ez sartzeagatik. Arrakasta eta harrotasun sentsazioarekin amaitu nahi dugu. Lortu dugunari balioa eman behar diegu. Hori lortzeko aukera matematiko txikia dugu eta igandeko neurketetan zer gertatzen den ikusiko dugu. Borroka egiteko aukera badugu, Bartzelonara joango gara, nahiz eta badakigun berttan helburua lortzea oso zaila izango dela".