
Athletic Clubek Euskaraldia sustatzeko bere hamaikakoa aurkeztu du
Athletic Clubek Euskaraldia sustatzeko bere hamaikakoa aurkeztu du
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa kolektiboaren maiatzaren 15etik 25era ospatuko da eta klubeko 150 langilek eman dute izena
Athletic Clubek bat egin du Euskaraldiaren laugarren edizioarekin. Klubak, aurrekoetan bezala, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa sozialean parte hartzeko bere hamaikakoa prestatu du beste behin ere. Jose Angel Iribar handiak gidatuta, berarekin batera gizonezkoen zein emakumezkoen lehen taldeetako futbolari Ane Azkonak eta Maroan Sannadik, zuzendaritza batzako kide Igor San Romanek, zerbitzu medikuetako buru Josean Lekuek, ekimen eta operazi-oetako arduradun Nerea Ortiz de Pinedok, kanpo harremanetako departamentuko kide Kalare Oraák, komunikazio saileko Endika Garamendik, kaptazio alorreko eta klubeko jokalari ohi Nekane Díezek, Infantil taldeetako entrenatzaile Galder Izaolak eta Genuine ekipoko Iraide Velak osatzen dute hamaikakoa.
Eurekin batera, etorkizunera begira hizkuntza ohituretan eman beharreko jauzien lekuko, Bilbao Athleticeko Beñat Gerenabarrena eta emakumezkoen bigarren taldeko Laida Balerdi Ahobizi eta Belarriprest gisa arituko dira hamaikoarekin batera. Azkenik, aurtengo edizioan, “Xaxatzaile” figura ere errotuko da eta harrobiko jokalarien arreta integralerako arduradun den Mikel Garciak hartuko du paper hori.
Guztira, klubaren baitan alor eta departamendu ezberdinetako 150 langilek eman dute izena Euskaraldiaren laugarren edizioan parte hartu eta euren konpromisoa adierazteko. Antolatzaileen esanetan, “Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea da, eta, horrez gain, entitateek ere euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak hartzea sustatu nahi da. Euskaraldiak, modu kolektibo eta sozial batean, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du, euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak sortuz”. Athletic Clubek ere helburu hauekin bat egin eta konpromisoak bere egiten ditu.