
"Lehen aukera aprobetxatu nahi dugu"
"Lehen aukera aprobetxatu nahi dugu"
Ernesto Valverdek pasa den igandean eskuratutako "bultzadari" errentagarritasuna atera nahi dio Txapeldunen Ligarako sailkapena eskuratzeko, nahiz eta Athleticek hiru partida izan falta zaizkion hiru puntuak lortzeko
Ernesto Valverde gogotsu ari da prestatzen Athleticek Getaferi egingo dion bisita. Aurkari gogorra da talde madrildarra, eta orain del bost jardunaldi lortutako 39 puntuekin egin beharko dio aurre. "Birtualki hiru puntu behar ditugu Txapeldunen Ligan sartzeko eta hiru aukera ditugu, baina lehenengoa aprobetxatu nahi dugu", esan du Lezamako prentsa aretoan entrenamenduaren aurretik eskainitako agerraldian.
"Norgehiagokan zentratzea da dagokiguna, eta kalkulu ez gehiegi egitea. Getafek bi puntu behar ditu salbazio matematikoa lortzeko, baina agian dituen puntuekin ere libratu daiteke. Neurketa latza izango dugu Getafen, oso talde lehiakorra baita".
Entrenatzaile zuri-gorria "presioa sustatuko duen" Getaferen zain dago, "bere zaleen aurrean jokatzen duelako". "Denboraldiko azken unean gaude, orain arte egindakoa atzean uzten duzu eta behar duzunean zentratzen zara. Orain dela bost egun 39 punturekin estutasunik igoroko ez zutela pentsa zezaketen", dio gasteiztarrak.
"Guztiok lortu nahi ditugu gure helburuak, Txapeldunen Ligan sartzeko dugun aukera hau aprobetxatu nahi dugu. Azken une hauetan, igandeko emaitza onak emandako bultzada aprobetxatu beharra dago", azpimarratu du Valverdek.
Prentsaren aldetik nabarmendu da 16. jardunaldiaz geroztik Athletic laugarren postuan mantendu dela eta errendimendu ona erakutsi duela Europa League txapelketan. Entrenatzaile zuri-gorriaren esanetan, "egunerokotasunean ez diezu zenbakiei begiratzen, Europako postuetan egoteak guk geure buruari jartzen diogun helburua betetzen ari zarela adierazten dizu. Hor egotearen sentsazio horrek elikatzen gaitu. Arrakasta da, baina amaiera eman behar diogu eta zehatzak izan behar gara".
Alvaro Djalori buruz ere hitz egin du: "Beti saiatzen da, egia da ez duela espero zuena jokatu eta Betisen partidan lesio bat izan zuela eta lehia handia duela. Ez da erraza, berarengandik onena espero dugu beti".