Azken partida FC Barcelona txapeldunaren etxean

Azken partida FC Barcelona txapeldunaren etxean

Athleticek, F Ligako laugarren postua ziurtatuta, ligako azken jardunaldia jokatuko du talde blaugranaren aurka

Athletic Clubek 2024-2025 denboraldiko azken neurketa jokatuko du asteburu honetan. Iragan asteburuan RCD Espanyolen aurka Lezaman lortutako garaipenaren ondoren, zurigorriek sailkapeneko laugarren postua ziurtatu dute eta ez dira hortik mugituko asteburu honetako norgehiagoketan gertatzen dena gertatzen dela. F Liga David Aznarren taldearentzat amaituko da Estadi Johan Cruyffen, FC Barcelonaren zelaian. Joan den igandean, kataluniarrek Real Betis gainditu zuten Sevillan. Porrotak Andaluziarren jaitsiera matematikoa ekarri zuen.

Ligaren amaiera bete-betean, azken jardunaldi honetan ez dago ezer jokoan postu erabakigarriei dagokienez. Lehen hiru postuak FC Barcelona, Real Madrid eta Atletico Madrilentzat izango dira eta hirurek Txapeldunen Ligako hurrengo edizioan parte hartuko dute. Real Betis eta Valencia dira, bestalde, RFEFko 1. mailara jaitsi direnak. Horrela, Athletic Kataluniara doa aho zapore onarekin agur esatera. Hala ere, FC Barcelonaren kalitatea eta lehiakortasuna jakinda, ez dago erlaxatzeko tokirik, Johanen jokatuko den azken hitzordua kili-kolo ez ateratzeko. 

Barçak, txapelduna jada, Txapeldunen Ligako finala eta Kopa ditu aurretik

Pere Romeuren taldea 81 puntura iritsi da, eta seigarren aldiz jarraian txapeldun izateaz gain, beste bi aukera izango dituzte aurretik euren palmaresari tituluak gehitzeko. Datorren larunbatean, maiatzak 24, Europako Txapeldunen titulua defendatuko dute Txapeldunen Ligako finalean, Arsenalen aurka. Jose Alvalade Lisboako estadioan jokatuko da finala. Gainera, ekainaren 7an, aurtengo Erreginaren Kopa jokatuko da blaugranen eta Atletico Madrilen artean.

Athleticen aurkariek helburu garrantzitsuak dituzten bitartean, lehoiek partida txukuna jokatu nahi dute kataluniarren aurka. Horrela, eta azken jardunaldi honetan puntuak gehitzeko aukera izanez gero (beti oso zaila izaten da txapelketako dominatzaileen kontra), urrezko amaiera emango litzaioke denboraldi bikain honi. Iazko bosgarren postua hobetuz, talde bilbotarra oso gertu geratu da podiumean talde oso gazte batekin sartzeko.

Balantzea perspektiba handiagoarekin egiteko denbora egongo da, baina ukaezina da lehoiak ondo ederto aritu direla eta 2023-2024 denboraldian ez bezala, FC Barcelona eta Real Madriden atzetik etxetik kanpo puntu gehien lortu dituen taldea izateagatik nabarmendu dira. Zigilu horrekin joango da Athletic F Ligako azken jardunaldi honetara.