
Peñentzako sarrerak: nahia eta errealitatea
Peñentzako sarrerak: nahia eta errealitatea
Athletic Clubek Peña ofizialen eskaera eta eskakizun guztiak bete ahal izatea gustatuko litzaioke, baita Athleticeko gainerako kolektiboenak ere, baina gobernu-erantzukizuna eta hartutako konpromisoa lehentasuna dira guztion onerako
Athletic Clubentzat, Peñek eta peñakideek athleticzale kolektibo oso garrantzitsua osatzen dute. Joan den mendearen erdialdean lehenengo peñak sortu zirenetik, modu erabakigarrian lagundu dute historia zuri-gorria handitzen, eta aintzatespen handiena merezi dute. Horregatik, Athletic Cluben nahia da bere eskaerak eta eskakizunak betetzen saiatzea, beti ahal den neurrian eta Klubaren jabeak diren bazkideekin hartutako konpromisoarekin eta gobernu-erantzukizunarekin bat etorriz.
Athletic Club lehiakorra izan dadin, iraunkortasuna ezinbesteko baldintza da. Guztion onerako, Klubaren kudeaketa oinarritu behar duen errealitate ukaezina da, familia zuri-gorri osoak Athletic, bere funtsari leial, maila gorenean lehiatzea nahi duelako. Gainera, bazkide gehienek hala berretsi zuten Zuzendaritza-Batzorde bat aukeratu zutenean, bere programan erakundearen kontuak zuzentzea funtsezkotzat jotzen zuena.
Interes hori Klubaren onerako da, eta kirolean indartuko gaituen dinamika sortu behar du, batez ere prestakuntzan (Lezama) eta gure lehen taldeetako jokalariengan inbertitzeko.
Testuinguru honetan, Klubak salgai jartzen dituen sarrerek eta horien prezioak (horien kopuru bat gure peña ofizialentzat soilik gordetzen dira -460-), erakundearentzat eta bazkideentzat interes onena izan behar dute beti.
Ez litzateke inolaz ere bidezkoa edo onargarria izango Bartzelonaren aurkako azken partidara senideren bat eraman nahi duen bazkide batek sarrera batengatik peñakide batek baino gehiago ordaindu behar izatea. Eta, gainera, kontuan hartuta bazkideek ez dutela inolako lehentasunik sarrerak erosteko. Abantaila hori Peñek dute, denbora batez kopuru jakin bat ematen zaielako partida bakoitzerako, eskari handiena duten partidak barne.
Zehazki, ‘Peña Oscar de Marcos de Dos Hermanas’ elkarteak publikoki adierazi du ez dagoela ados Klubak, gainerako peñei bezala, lehentasunez eskaini dizkion sarreren prezioarekin -100 € eta 120 € artean-. Sarrera bat erosi nahi duen bazkide orok ordaindu beharreko prezio bera da.
Gainera, Klubak erositako sarrerak itzultzeko aukera ematen die Peñei, baldin eta ordutegi-arrazoiengatik bada, LaLigak behin betiko eguna eta ordua finkatu aurretik erosten direlako. Klubak errespetatu egiten ditu Peña Oscar de Marcosek sarrerak erosteari uko egiteko emandako arrazoiak, eta ezin hobeto ulertzen du bere tristura San Mamesen bere idoloari agur esateko ezintasunagatik, baina ez dezagun ahaztu Guardiako kapitaina, Athletic Cluben historian partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria eta Europako neurketetan lehena, athleticzale familia guztiarentzat idoloa dela.
Sentitzen dugu partida honetarako sarreren eskaera handia eta salgai dauden eserlekuen eskasia direla eta, athleticzale askok (besteak beste, kamisetarako 18 zenbakia aukeratu zuten bazkideen senideek edo jarraitzaileek) aukerarik ez izatea LaLigako azken partidan San Mamesera bertaratzeko.