
“Gure bertsiorik onena ematen ez badugu, asko sufrituko dugu”
“Gure bertsiorik onena ematen ez badugu, asko sufrituko dugu”
David Aznarrek "ohorezko matrikularekin" ebaluatu du denboraldia, eta txapeldun izendatu berri den FC Barcelonaren aurka jokatzeak daukan zailtasuna azpimarratu du
Partida bakarra geratzen da liga amaitzeko eta Athletic Clubek azken puntuak jokoan izango ditu FC Barcelonaren aurka. Talde blaugrana txapeldun bilakatu zen pasa den asteburuan. "Erlaxatzen utziko ez digun arerio baten aurka jokatuko dugu. Eszenatoki zaila da. FC Barcelonak bere garaikurra ospatuko du eta Johan zelaia beteko da. Telonero gisa gonbidatu gaituzte, baina neurketan dena ematea eta haiei gauzak erraz ez jartzea espero dugu", esan du David Aznarrek komunikabideen aurrean egindako agerraldian.
"Taldeak maila lehiakorra eman zuen San Mamesen lehen itzulian eta antzeko norgehiagoka osatzen saiatuko gara. Amaierara arte arreta eta kontzentrazio handiena eskatzen dizun aurkaria da. Fokuari eutsi diogu, zailtasunaz jabetzen garelako. Gure bertsiorik onena ematen ez badugu, asko sufrituko dugu. Ahalik eta sentsazio onenekin amaitu nahi dugu", ohartarazi du misterrak.
Katalanei dagokienez, Davidek munduko talderik onena dela uste du, gainerako taldeekiko alde handiarekin. Hala ere, txapeldunak "emakumezkoen futbola bultzatzeko argudio onena" direla ere esan du. Aurten ere txapeldun izan diren arren, zailtasun gehiago izan dituzte ligan".
Ohorezko matrikula denboraldian
Gainera, "denboraldia ohorezko matrikularekin" ebaluatu duen entrenatzaileak esan du taldea egonkorra izan dela errendimenduan, gaztea izan arren. Balantze gisa ere, uste du jokoa okerragoa izan dela aurten, baina "ez ditugu bi partida jarraian galdu". Denboraldiko arantza, zalantzarik gabe, kopako kanporaketak ekarri zuen: "desengainua izan zen eta, aldi berean, fokua ligan jartzeko bultzada".
Amaitzeko, entrenatzaile zuri-gorria pozik agertu zen taldeak azken asteetan hirugarren postuagatik borrokan erakutsitako jarrera lehiakorragatik eta mentalitateagatik.