"Osatu dugun urtearen araberako agurra izan nahi dugu"

"Osatu dugun urtearen araberako agurra izan nahi dugu"

Valverdek, 2026ra arte berritu ostean, denboraldi historiko hau ahalik eta ondoen ixteko nahia azaldu du: "Gure azken partida da, etxean jokatuko dugu txapeldunaren aurka eta De Marcosek agur esango du. Motibatzeko adina pizgarri daudela uste dut"

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea komunikabideen aurrean agertu da bere kontratua beste denboraldi batez luzatu ostean: "Dena amaitu eta zehaztu arte itxaron nahi nuen. Azken asteetan hainbeste partida jokatu dira, ia ez zegoen ezertarako astirik. Lehenago ere hitz egin dugu. Erraza izan da. Kontratu bat sinatzen dudanean beti esaten dut gehien gustatuko litzaidakeena betetzea dela, entrenatzaile batentzat hori asko delako. Oraingoz bederatzi urte dira beste baten proiekzioarekin, eta sintonia da gauzak ondo doazela. Horrela jarraitu nahi nuke, baina badakit zaila dela. Aurrera egitea eta talde hobea izaten saiatzea da kontua. Oso txapelketa indartsua jokatuko dugu, Txapeldunen Liga, datorren denboraldian. Hemen bizi izan dut, ezagutzen dut eta gogorra da. Aurre egin behar zaio".

Teknikari zuri-gorriarentzt garrantzitsuena bere printzipioei leial izatea da: "Argi dago entrenatzaile bat bere postuan mantentzen bada emaitzak erdiesten dituelako dela. Horrela da. Egia da, halaber, Klub honek beste modu batean lehiatuz lortzea bilatzen duela, eta horrek onura asko ematen dizkizu, baina, era berean, zenbait gauzei uko egitea eskatzen dizu. Azkenean, egiten duzun lanaren ondorio dira emaitzak, eta lan horretan islatuta ikusi nahi duzu zeure burua, horrekin identifikatu ahal izateko. Zerbaiten partaide sentitu behar dugu eta, aldi berean, egiten dugun hori gustatzen zaigula, irabazteko balio digula eta sinisten dugula pentsatu behar dugu".

Biharko neurketari dagokionez, non lehoiek denboraldia FC Barcelonaren bisitarekin itxiko duten, Valverdek hitzordu berezia izango dela uste du: "Gure azken partida da, etxean jokatuko dugu txapeldunaren aurka eta De Marcosek agur esango du. Motibatzeko adina pizgarri daudela uste dut. Ez da hor galduta dagoen norgegehiagoka, esanguratsua baizik. Badakigu giro ona egongo dela zelaian eta San Mamesera datorren jendeak gurekin ospatzea nahi dugu. Noski, garaipena bilatuko dugu. Zaila da aurrean dugun aurkariagatik, txapelketako onena izan delako. Osatu dugun urtearen araberako agurra izan nahi dugu".

Azkenik, Oscar De Marcos kapitainarentzat esker oneko hitzak izan nahi izan ditu: "Bera zuzentzea zerbait desberdina izan da, ikuspegi pertsonaletik nolakoa den eta taldeen dinamiken barruan nolakoa izan den ikusita. Beti izan da jokalari garrantzitsua. Zelaian eta kanpoan izan duen portaeragatik eta transmititu duenagatik adibide bat dela pentsatzeaz haratago, 36 urterekin agur esango du, jende askoren aurrean, gaitasun fisiko eta tekniko handiak dituen eta denborarekin hobetzen joan den futbolari bikain batek. Horrek bere ibilbidean zehar maila gorenean mantentzeko balio izan dio. Ikuspegi pertsonalean eta profesionalean miresten dut. Erabakia hartua zuen, aurreko denboraldietan horretan pentsatzen ari baitzen".