
Jonathan Ledesmak ez du Athletic Cluben jarraituko
Jonathan Ledesmak ez du Athletic Cluben jarraituko
Azken hiru denboraldietan emakumezkoen bigarren taldeko entrenatzaile izan denak bere etapa amaitu du Lezaman
Jonathan Ledesmak eta Athletic Clubek euren bideak banatu dituzte. Entrenatzaileak emakumezkoen filialaren gidaritza hartu zuen 2022ko udan eta zuri-gorriak zuzendu ditu hiru denboralditan zehar, non bere aginduetara zeuden hainbat futbolari lehen taldera igo dira.
Zallako teknikaria, aurretik Bizkaiko gizonezkoen futbolean esperientzia handia zuena, jokalarien prestakuntzan pausoak emateko ardurarekin iritsi zen Lezamara berregituraketaren ondoren bigarren maila profesionaleko, Primera Federacioneko txapelketan parte hartzeko. Lehen urtean mailari eustea lortu zuen, baina bigarrenean taldea jaitsi egin zen.
Amaitu berri den denboraldi honetan, emakumezkoen bigarren taldea igoerako playoffean sartzeko lehian egon da azkenaurreko jardunaldira arte, baina azkenean aukerak desagertu egin ziren Lezaman CE Europaren aurkako lehia zuzenean galduta.
Gainera, eta harrobi zuri-gorrian hezitzaile bezala, azpimarratzekoa da Ledesmaren agindupean dauden hainbat jokalarik debuta egin dutela lehen taldearekin, hala nola, Jone Amezaga, Maite Zubieta, Amaia Martinez eta, azken denboraldi honetan, Maitane Vilariño, Daniela Agote, Claudia Fernandez, Itxaso Miranda eta Laida Balerdi.
Athletic Clubek eskerrak eman nahi dizkio Jonathani hiru denboraldi hauetan erakutsitako konpromiso eta arduragatik, eta zorterik onena opa dio bere etorkizun pertsonal zein profesionalean.