
Bi lagunarteko Liverpoolen aurka Anfielden
Bi lagunarteko Liverpoolen aurka Anfielden
PSV Eindhovenen, Eredivisieko txapeldunaren aurkako lehen lagunartekoa konfirmatu ondoren, lehoiek bigarren aurkari bat izango dute euren denboraldiaurrean abuztuaren 4an Premier Leagueko txapeldunen aurka bi partida jarraian jokatuta
Athletic Clubek Anfield bisitatuko du abuztuaren 4an, astelehena, Liverpool FCren aurka bi lagunarteko jarraian jokatzeko. Udako bigarren aurkaria da lehoientzat, uztailaren 26an PSV Eindhovenen aurka jokatuko baitute Holandan. Oraingo honetan, bi klubek 90 minutuko bi partida jarraian jokatzea adostu dute, eta, beraz, Anfieldeko bisita proba ona izango da Valverderen jokalarientzat, karga fisiko handiagoa izango duten bi talde ezberdin zelairatu ahal izango baititu. Lehenengo neurketa 18:00etan izango da (hango 17:00etan) eta bigarrena 21:00etan (Ingalaterrako 20:00etan).
Neurketa hauetarako sarreren erosketari buruzko informazioa laster jakinaraziko da.
Premier Leagueko txapeldunak
Liverpool Premier Leagueko egungo txapelduna da. Hasieratik bukaerara arte nagusi izan da Arne Slot entrenatzaile nederlandarraren eskutik. 84 puntu lortu ditu, Arsenal bigarren sailkatuak baino hamar gehiago. Gainera, Liverpoolek lider bukatu zuen Txapeldunen Ligako taldekako fasea, baina final-zortzirenetan txapelketa kontinentala irabazi duen PSG-k kanporatu zuen.
Ingalaterrako taldea mundu mailako izarrez josita dago: Mo Salah, Virgil Van Dijk edo Luis Diaz, besteak beste, eta Andrew Robertson, Dominik Szoboszlai, Cody Gapko edo Allison Becker bezalako jokalari handiak barnebiltzen ditu. Trent Alexander-Arnold bezalako balio garrantzitsu bat galdu duten arren, duela gutxi Jeremie Frimpong fitxatu dute, Bayer Leverkuseneko jokalari balioaniztuna. Gainera, aspaldiko ezagun batekin ere indartu dute taldea, Mamardashvili atezainarekin, aurreko denboraldian fitxatuta izan arren Valencia CF taldean utzita jokatu zuena.
Bien arteko norgehiagokei dagokienez, lehiaketa ofizialean Athleticek garaipen bakarra lortu du Liverpoolen aurka. 1968/69ko Ferien Kopako 1/32etan Estefano eta Ormazaren golek Hunten gola gainditu zuten San Mamesen. Itzulerako norgehiagokan Liverpoolek Katedraleko emaitza berdindu zuen, eta txanpon baten jaurtiketak talde zuri-gorriari kanporaketa gainditzeko mesede egin zion. 1983/84 denboraldiko Europako Kopako (egungo Championsa) final zortzirenetan, Anfieldeko joaneko partida 0-0eko berdinketarekin amaitu zen; itzulikoan, berriz, Liverpoolek 0-1 gainditu zuen Athletic Rushen golarekin eta lehoiak txapelketatik kanpo gelditu ziren.
Datorren abuztuaren 4koa Athletic Clubek eta Liverpoolek jokatuko duten hirugarren lagunartekoa izango da. Lehenengoa 2017/18 denboraldian izan zen, Dublingo Aviva Stadiumean, non talde ingelesak 3-1 gainditu zituen lehoiak. 2021/22 denboraldian, Marcelino entrenatzailearen eskutik, banakoa sinatu zuten Anfielden Jürgen Kloppen taldearen aurka.
Erlazionatutako aurkariak
