
Athletic Clubek eta Castorek 2025/26 denboraldirako bigarren ekipamendua aurkeztu dute
Athletic Clubek eta Castorek 2025/26 denboraldirako bigarren ekipamendua aurkeztu dute
Online eta denda fisikoetan salgai dago lehoien kamiseta urdin berria, Klubaren jatorritik bidelagun izan duten kolorea, ausardia bezala
Athletic Clubek 2025/26 denboraldirako duen Castoreren bigarren jantzia eskuragarri dago jada online dendan eta Klubaren salmenta puntu ofizialetan.
AerTek transpiragarria den ehunarekin diseinatua, ekipamendu hau lehoien jantzi urdin tradizionalaren berrasmatze ausarta da.
Ausardiarik gabe, Athletic Club ez litzateke izango orain dena. Eta ausardia itsas zabalean frogatzen da, ekaitzak jotzen duenean eta olatuek itsasontzia hondoratzeko mehatxua egiten dutenean. Orduan bihurtzen da ausardia balioen balio. 30eko hamarkadan bezala, Gerra Zibilak ametsetako talde bat suntsitu zuenean eta hutsetik hasi behar izan zenean. Edo Bosman Legeak futbola betiko eta goitik behera aldatu zuenean bezala. Edo 2007an, duela ez hainbeste, jaitsiera jokoan egon zenean azken partidara arte.
Iaz Athletic Clubek Gabarra itsasoratu bazuen eta denboraldi honetan Txapeldunen Ligan jokatuko badu, une zailei aurre egin zielako da, beti ausardiaz, #BetiAusart, #BraveryNeverStops, bere nortasunari uko egin gabe, #UniqueInTheWorld. Eta bere lehen kamiseta zuri-gorria izango da, bai, eta bigarrena urdina, hasieratik klubak izan duen kolorea. Bilbo kolore urdina deritzona; itsasoaren urdina, batzuetan uherra, beste batzuetan kristalinoa; zeruaren urdina, batzuetan hodeitsua eta berunezkoa, beste batzuetan argia eta distiratsua. Baina beti bere lekuan, ausart, Athletic Club bezala.
Erdi urdina eta erdi zuria izandako lehen kamisetatik, 125. urteurrena ospatzeko kaleratutako “Haria”, “Heritage” delakora, Athletic Clubek askotan jantzi du urdinez. 1969an jantzi zuen lehen aldiz kolore hau oso-osorik, eta bigarren janzkera bihurtu zen 1995era arte. 1998 eta 2005 bitartean errepikatu zen hori, baita 2008/09, 2010/11, 2013/14, 2018/19, 2023/24 eta 2024/25 denboraldietan ere.
Athleticek urdinez jokatu zuen 1977ko UEFA Kopako finaleko joanekoa Juventusen aurka, urdinez lortu zuen Liejan (2004) Europako gol-kopururik handiena, eta laugarren postua ziurtatu zuen Valentzian aurten urdinez ere jantzita.
Datorren denboraldian, berriz ere, urdinez jokatuko du etxetik at, betiko ausardiaz, bere nortasunari leial, oraingoan "eguzkilore"-ren sinboloarekin bat egindako ikurriña bizkarrean duela, euskal mitologiako karduaren lorea, ausarta denak babesa behar duelako ezbeharren, lesioen eta bestelako ezbeharren aurrean ere.